Eibar futbol taldeko presidenteak kirol egunkari bati eginiko adierazpenek haserrea eragin dute C.D. Elgoibarren

Barren.eus 2017ko mai. 4a, 09:33

S.D. Eibarreko presidente Amaia Gorostizak Mundo Deportivo Kirol aldizkariari eskainitako elkarrizketa batean C.D. Elgoibarri buruz eginiko aipu batek ezinegona eta harridura eragin dute C.D. Elgoibarren. Klubarekiko eta erregional maila guztiarekiko errespetu falta bezela ikusten dituzte adierazpenok eta eskatu diote Gorostizari, publikoki barkamena eskatzeko.

C.D. Elgoibarreko arduradunek prentsaurrekoa eskaini dute bazkide eta herritarrek pasa denaren berri izan dezaten. Azaldu dutenez, S.D. Eibarreko presidente Amaia Gorostizak joan den apirilaren 20an Mundo Deportivo egunkariari eskainitako elkarrizketa batean dago euren haserrearen iturburua. Eibar taldea Realarekin negoziatzen ari den hitzarmen berriari buruz ari zela, Eibar taldearen estatusa errespetzea nahi dutela zihoen Gorostizak, eta ez zitzatela har "Elgoibar edo erregionaleko talde bat" izango balira moduan.

C.D. Elgoibarreko zuzendaritzako kideek azaldu dutenez, Gorostizaren adierazpenok "harridura" eragin zuten taldean. "Antton Iranzo presidenteak azalpenak eskatu zizkion Gorostizari telefonoz, eta barkamena eskatu zion honek Iranzori, bere berbak lekuz kanpo aterata zeudela argudiatuz". C.D. Elgoibarrek bi gauza eskatu zizkion Eibarko presidenteari. Batetik, barkamena "ofizialki" eskatuz gutun bat idaztea eta, bestetik, Mundu Deportibon bertan argitaratzea bere azalpenak. Gorostizaren barkamen-gutuna jaso dute dagoeneko, baina bigarren eskaera ez duela oraindik bete diote.
"Bere asmoa ez zela C.D. Elgoibar gutxiestea dio Gorostizak jaso dugun eskutitzean. Eurak ere talde umila izanik, gogoan dutela nondik datozen, eta ahatik, C.D. Elgoibarren historia miresten dutela. Auzoko taldearekin gertuko harremana izaten jarraitu nahi dutela esanez amaitzen da eskutitza", azaldu dute klubetik. Eibarrek eskatutako barkamenak onartzen dituztela diote. "Bi taldeon harteko hartu-emanak indartu nahi genituzke, elkarri nola eta zertan lagundu genezakeen ikusteko". 
Eibarrek C.D. Elgoibar omendu zuen, mendeurrenaren harira, joan den maiatzaren 1ean, Eibarrek eta Leganesek Ipuruan jokatu zuten partidaren atarikoan. C.D. "Biziki eskertzen diegu gurekin izan zuten detailea eta eskaini ziguten omenaldia". Edonola ere, Eibarko presidentearekin eta zuzendaritzako kideekin berba egiteko baliatu zuten omenaldia eta azalpenak Mundo Deportibon lehenbaitlehen argitaratzera premiatu zituzten.

amaia gorostiza elk mundodeportivo elgoibar