Eibar taldeak C.D. Elgoibar omendu du, 100. urteurrenaren harira

Barren.eus 2017ko mai. 2a, 14:42

S.D. Eibarrek ere bat egin du C.D. Elgoibarren mendeurreneko ospakizunekin, eta auzoko futbol taldea omendu zuten Eibarrek eta Leganesek atzo Ipuruan jokatu zuten partidaren atarikoan. Lehia handia izan dute historikoki Elgoibarrek eta Eibarrek, eta Ipuruako zelaia ere bi talden arteko partida batekin inauguratu zuten 1947an.

S.D. Eibarko presidente Amaia Gorostizaren eskutik jaso zuen oroigarria C.D. Elgoibarreko presidente Antton Iranzok Ipurua futbol zelaian, Eibar eta Leganesen partida hasi aurretik. C.D. Elgoibarreko talde nagusiak 1985/1986 denboraldian jokatu zuen azkenekoz partida ofizial bat Ipuruan, bi taldeak Hirugarren Mailan zeudenean.
• Ipuruaren inaugurazio istilotsua
Historikoki, baina, futbol kontuetan ere, harreman eta lehia handia izan dute Elgoibarrek eta Eibarrek. Bi herrietako futbol taldeen arteko partiduetan ez zen pasadizorik falta izaten. Sonatueenetariko bat elgoibarreraz.eus webgunean, Elgoibarko kirolari eskainitaklo atalean, dute jasota. 1947ko azaroaren 14an gertatu zen, Eibarren, Ipurua futbol zelaia inauguratu zuten egunean. Eugenio Diego Aranburun honela gogoratzen du egun hura: "Euren futbol zelaixa izan aurretik, eibartarrak Elgoibarrera etortzen ziran jokatzera. Gogoan daukat Ipurua inauguratu zebeneko eguna. Egun hartan, Domingo Arrillagak, Eibarko medikuak, kopa bat eman zaban inaugurazio partido haura irabazten zabanarentzat. Partidua Eibar eta Elgoibarko taldiak jokau bihar zeben. Eulogio Etxeberriak, orain Bilbon jokatzen dauanaren aittittak, gola sartu zauan, eta Elgoibarrek irabazi zauan 2 eta 0. Gu Txankiaren kamioian juan giñan, Ezkurra txofer zala. Elgoibarkuak irabazi zebenian, kamioian babestu behar izan gendun, eta korrika batian, handik ospa egin, gure kontra harrika hasi ziralako. Han geldittuz gero, hilko giñuezen".

ahotsak cd elgoibar ipurua inaugurazioa• Giro berezia Lerunen eta txikiteoa Elgoibarko kaleetan
Unzueta Iriondo ahizpek ere ondo gogoan dituzte Eibar eta Elgoibar futbol taldeen arteko lehiak, Lerun futbol zelaian jokatzen zituztenak, bereziki. "Herrian, partidu egunetan, jai giroa somatzen zen herriko kaleetan. Futbol partiduak larunbat arratsaldeetako lehenengo orduan jokatzen ziren, baina goizetik nabaritzen zen jai giro hura. Halako egunetan eguerdi aldera batzen ziren gizon koadrilak herriko tabernetan. Utzi ezinezkoa izaten zen partidu egunetako txikiteoa. Hala, poliki-poliki, herriko kale nagusienak, batez ere Errosario eta San Bartolome kaleak, jendez betetzen hasten ziren, jai giroak erakarrita. Txikiteoan hasi orduko, entzun ahal izaten ziren herriko taldea animatzeko kantuak. Horiek horrela, auzotar batzuk partidu egunak noiz iritsiko zain egoten ziren, etxeko balkoitik, txikiteoan sortzen zen giroaz gozatzeko. Ondo bazkaldu ondoren, elgoibartarrak ohiko lekuetan elkartzen ziren futbol zelaira joateko. Une haiek oso bereziak izaten ziren, Lerunera zihoan elgoibartar andanari, trenez etortzen ziren Eibarko futbol taldearen jarraitzaileak gehitzen zitzaizkion eta.
"Fubola ikustera juaten giñan. Eibarko taldia etortzen bazan jokatzera tren espeziala eta dana jartzen zeben. Orduan jende asko juaten zan partido harek ikustera. Benetako girua egoten zan egun haretan. Trenian etortzen ziran, eta basuak lapurtzen ziguezen tabernatik. Ni akordatzen naiz, bittan bai behintzat juan izan naizela estaziora, basuak batzera. Treneko orduan egitxen gendun bakarrik lan tabernan. Gero jendia fubolera juaten zan, eta gu ere bai. Bazkalostian izaten zan tren espeziala, hiru t’erdixetan edo. Zarata asko ateratzen zeben. Eta partidua amaittu eta gero, domekia bazan, musikia entzutera juaten zian plazara. Tren ordura arte musikara juaten zian".