Iñaki Konde eta Iñigo Ortuoste txapeldun Euskadiko Duatloi Kros Txapelketan, beteranotan

Barren.eus 2017ko api. 26a, 14:34

Euskadiko Triatloi Federazioak antolatuta, Euskadiko Duatloi Kross Txapelketa jokatu zuten Galdakaon, joan den domekan. 

Duatloi modalitate honetan, errepideak alde batera utzi eta mendi bideetan barrena ibiltzen dira kirolariak, antxintxika zein mendiko bizikletarekin. Galdakaoko proban mendi bideetatik ibili ziren bizikletaz (ikusi honako bideoan ibilbidea), baina asfalto gainean egin zituzten korrika egin beharreko zatiak. Lau kilometro eta erdi egin zituzten korrika egin beharreko lehen proban, gero, mendi bizikleta hartuta 13,5 kilometroko ibilbidea osatu behar zuten eta 2.250 metroko antxitxikako probarekin amaitzen zen duatloi kros lasterketa. Mikel Loizaga (01:04:09) eta Zuriñe de la Fuente (01:31:16) izan ziren azkarrenak.
Iñigo Ortuoste elgoibartarrak 20. postuan amaitu zuen proba, 01:14:45eko denbora eginda, eta garaipena eskuratu zuen beteranoetan, 50-60 adin tartekoen mailan. Era berean, Iñaki Kondek 60 urtetik gorakoen mailan lortu zuen Euskadiko txapeldun izatea, proba 01:43:20ko denboran amaituta. (ikus sailkapenak)

Iñigo Ortuostek azaldu duenez, orain dela lau bat urte parte hartu zuen azkenengoz duatloi kross proba batean. Aurten duatloi denboraldia egiteko asmoa zuen, baina min hartuta egon denez ezin izan du duatloirik egin. Orain hasiko den triatloi denboraldian ez duela parte hartuko azaldu du, igerian nahi bezain ondo moldatzen ez dela-eta. Hurrengo denboraldian duatloietan aritzeko asmoa du.