Iñaki Olidenen idi-parea gailendu zen Euskal Herriko idi-proba txapelketan

Barren.eus 2015ko mar. 3a, 12:31

Euskal Herriko idi-proba txapelketaren finala jokatu zuten zapatuan, Sigmako probalekuan. Hiru idi-pare aritu ziren lehian eta Orioko Iñaki Olidenen idiek irabazi zuten dema, 54 plaza eginda. 250 ikusle inguru batu ziren probalekuan.

BBK Sarian puntuaziorik onena lortu zuten hiru idi-pareak hartu zuen parte Euskal Herriko idi-proba txapelketako finalean, joan den zapatuan, Sigmako probalekuan.  Idiek 2.030 kiloko harriarekin lan egin behar zuten, ordu erdiko saioan. Iñaki Oliden oriotarrak ekarri zituen idiek egin zuten lanik onena, 54 plaza eginda. Lemoizko Andraka sagardotegiak aurkeztu zuen idi-pareak eskuratu zuen bigarren postua, 48 plaza, 3 zinta eta 3,58 metroko markarekin. Bizkaiatik etorri zen bigarren idi-parea, Bakioko Txomin Renteriarena, geratu zen hirugarren postuan (37 plaza eta 3,05 metro). 

Irabazleak 1.400 euro, mantak eta garaikurra jaso zituen; bigarrenak, 1.200 euro, eta hirugarrenak, 1.000 euro.