Bergarako Labegaraietatik irten eta, saihesbidetik, Osintxurainoko joan-etorria egin zuten hiru aldiz 54. Labegaraieta Sarian parte hartu zuten txirrindulariek. Laugarren itzulian, Osintxutik bueltan, Elgeta aldera hartu zuten, San Juango biribilguneraino. Handik, berriro saihesbidetik, Labegaraietan zegoen helmugara iristeko. Helmugarako hiru kilometroren faltan, tropeletik ihes egin zuten hamabost txirrindularik eta esprint luze batean erabaki zen irabazlea. Aviron Baionnais taldeko txirrindulari Patxi Darthayette izan zen guztietan azkarrena. Limousin taldeko Unai Iribarrek eskuratu zuen bigarren postua. Iribarrek Federazio Kopa irabazi berri du Valladoliden Gipuzkoako selekzioarekin. Taldekide izan zuen selekzioan Imanol Alvarez elgoibartarra, Bergarako lasterketan hirugarren postua eskuratu zuen txirrindularia.
Elgoibarko Lagun Taldeko jubenilen taldeak hirugarren postua eskuratu zuen taldekako sailkapenean. Taldeko arduradunen berbetan sasoi onean ailegatuko dira eguen honetan jokatuko den Euskal Herria Saria lehiatzera.