Julen Larruzea eta Maite Maiora gailendu dira zazpigarren Kilimon Trail lasterketan

Barren.eus 2017ko api. 10a, 13:40

Maite Maiora (Mendaro, 1982) eta Julen Larruzea (Larrabetzu, 1982) gailendu ziren Mendaron jokatu zen zazpigarren Kilimon Trail mendi lasterketan, eta errekorrak ondu zituzten gainera. Antolatzaileek Maite Maiora omendu zuten probaren hasieran eta amaieran. Parte hartu duen guztietan, -sei bider-, irabazi du etxeko proba mendi lasterkari mendaroarrak.

Lasterketa irabazteko faboritoen artean zeuden bata zein bestea, eta ez zuten hutsik egin. Julen Larruzea eta Maite Maiora izan ziren azkarrenak VII. Kilimon Trail mendi lasterketan.

Eguzkipean jokatu zen domeka goizean Kilimon Trail mendi lasterketaren zazpigarren edizioa. Mendaro inguratzen duten mendietara igo eta lasterketa jarraitzeko egun zoragarria izan zuten zaleek. Ikusteko zegoen, aldiz, beroak saltakariengan izan zezakeen eragina. Azkar uxatu zituzten zalantzak, lehen erreferentzietako denborak jakin bezain laster. Hiru mendi lasterkari nabarmendu ziren 23 kilometroko proban: Julen Larruzea larrabetzuarra, Didier Zago frantziarra eta Mario Olmedo granadarra.

Bi orduz azpitik behar izan zuen Larruzeak ibilbidea osatzeko: 1:56:26. Denbora horrekin minutu batean ondu zuen, gainera, Walter Becerrak iaz ezarri zuen errekorra. Didier Zago izan zen helmugaratzen bigarrena, 1.57:03ko denborarekin, irabazlearengandik 37 segundora; eta, Mario Olmedo sailkatu zen hirugarren, 2:02:08ko denborarekin. Eibarren bizi den Ander Barrenetxea elgoibartarrak egin zuen laugarren (02:02:36).

• Maioraren seigarren garaipena eta omenaldia

Emakumezkoetan, berriz, Maite Maiorak jantzi zuen atzo txapela. Zazpigarren Kilimon Trail lasterketa izan zen atzokoa, eta bat ez beste guztiak jokatu ditu Maiorak, eta jokatutako denak irabazi. Atzo, gainera, errekor berria ezarri zuen, Virginia Perezek iaz ezarritakoa 20 minutuan onduta. Sheila Aviles izan zen atzo bigarren onena (2:21:17) eta Marta Antoñana sailkatu zen hirugarren (2:29:04). Lasterketa hasieran, lore sorta eskaini zioten antolatzaileek Maite Maiora herriko korrikalariari, eta bukaeran, podiumeko ekitaldian, herritarren eta gainerako parte-hartzaileen merezitako txalo zaparrada jaso zuen korrikalari mendaroarrak.

• Gaintxipixako igoera bertikala

Gaintxipixarako igoera bertikalean, Ivan Cuesta gailendu zen, 0:03.56ko denborarekin. Haren atzetik, Mario Olmedo eta, atzo garailea, Julen Larruzea, izan ziren Lizarpetik Gaintxipixarako gainera iristen azkarrenak.

225 lasterkari abiatu ziren Herriko Enparantzatik eta 203k bukatu zuten 23 kilometroko lasterketa. (hona hemen sailkapenak)

kilimon trail mendaro julen larruzea helmuga

kilimon trail mendaro julen larruzea josu juaristi fotoiosu

kilimon trail mendaro maite maiora helmuga

kilimon trail mendaro podium