Zazpi metroko altueratik erori zen eskalatzaile bat Elgoibarko rokodromoan

Barren.eus 2017ko api. 7a, 14:55

Zazpi metro inguruko altueratik erori ostean, lesio larriak ditu bi orkatilletan Olaizaga kiroldegiko rokodromoko erabiltzaile batek.

Istripu larria gertatu zen joan den eguaztenean, 18:30ak inguruan, Olaizaga kiroldegian dagoen rokodromoan. Zazpi metro inguruko altueran eskalatzen zebilela, lurrera erori zen eskalatzaile bat, Mendaroko bizilaguna. Erorikoaren ondorioz, lesio larriak ditu bi orkatiletan, eta esku bateko eskumuturrean ere hartu zuen min. Larrialdi zerbitzuetako telefonora dei egin ostean, Donostiako Ospitalera eraman zuten zauritutako eskalatzailea. Zaintza Berezietako Unitatean ingresatu zuten, barneko organoak kaltetuta egon zitezkeela-eta. Zangoetan operazioak ere egin zizkioten eta bi aste barru beste operazio batzuk ere beharko ditu, eskalatzailearen lagunek jakinarazi dutenez. Eskuineko hankan dituela lesiorik larrienak esan dute, eta errekuperazioak luze joko duela.