Lehen egunean, zapatuan, bi igoera bertikal egin behar zituzten Cabrales 3 verticales txapelketako parte hartzaileek, Calluengako (2,4 km., 984 m. desnibel positiboa) eta Subisomaseko (3 km., 1.042 m . desnibel positiboa) kilometro bertikalak, hain justu ere. Domekan, berriz, Aventon igoera bertikala osatu behar zuten, hiruretan bertikalena eta gogorrena (1,8 km, 1004 m desnibel positiboa). Hau da, 24 ordutan hiru igoera bertikal egin zituzten. Hori dela-eta munduko mendi lasterketa gogorrenetarikoa izan daitekeela diote batzuek. Iaz, bigarren postua eskuratu zuen Iñigo Larizek Aventoneko kilometro bertikalean, eta inoiz parte hartu duen duen kilometro bertika gogorrena izan zela esan zuen.
Emakumezkoetan, Maria Zorroza gernikarra izan zen azkarrena hiru igoeretan, eta horrenbestez sailkapen nagusian. Ainhoa Lendinez elgoibartarrak eskuratu zuen bigarren postua hiruretan. Lortutako emaitzekin "oso pozik" dagoela azaldu du Lendinezek. "Hiru igoeretan antzerako aldea atera dit Zorrozak, eta pozik nago erakutsi dudan erregulartasun horrekin, nekea pilatu ahala aldea handituko zela uste nuen-eta". Bigarren igoera bertikalean (Subisomas) eginiko lanarekin dago gustoren mendi lasterkari elgoibartarra. "Huraxe irten zitzaidan ondoen, beldurrik handiena nion lasterketa izan arren, goizean igoera bertikal bat egin ostea, arratsaldekoan gorputzak nola erantzungo zidan ez nekien-eta". Zapatu gauean orkatilako min handia sentitu zuen arren, hirugarren igoera bertikala ere egitea erabaki zuen Lendinezek. Lasterketaren bueltako giroa zein ibilbideak "izugarriak" izan direla nabarmendu du. "Cabralesen lagunak ditugu eta etxean moduan sentitu gara han", esan du.
Javi Dominguezek ere egin zituen hiru igoera bertikalak, eta berak egin ohi dituen distantza luzeko mendi lasterketekin zerikusirik ez duten arren, entrenamendu modura oso ondo etorri zaizkiola adierazi du.