Sanloko Tecnifuelle eta Beristain Banaketak taldeek Euskadiko Txapelketako Lauko Finalak jokatu dituzte asteburu honetan, Elgoibarren neskek eta Zarautzen mutilek. Tecnifuellek bigarren postua eskuratu du zaleen aurrean, eta laugarrena Beristainek.
Denboraldiko lau euskal talderik onenek jokatu dute Euskadiko Txapelketako Lauko Finala Elgoibarren. Barixakuko jardunaldian berdinketarekin (22-22) amaitu zen Zarautzko Aiala eta Tecnifuelle Elgoibarrek jokatu zuten partida, eta Barakaldoko Zuazok gol bateko aldeaz irabazi zion San Adriani. Zapatuan jokatutako partidetan, 24-23 irabazi zion Tecnifuellek San Adriani eta Aialak 29-27 hartu zuen mendean Zuazo. Gaur, hilak 2, jokatu da jardunaldi erabakigarria. Lehen partidan erraz gailendu zaio Aiala San Adriani (22-30). Aurreko emaitza guztiak kontutan hartuta, Tecnifuellek Zuazori irabazita nahikoa zuen bigarren postuan sailkatzeko, baina txapelketa irabazteko aukerak zituzten, hamar gol edo gehiagoko aldeaz irabaziz gero. Olaizagako harmailak gainezka zeudela jokatu dute partida. Lehen zatian berdintasuna izan da nagusi bi taldeen artean eta gol bateko aldearekin bakarrik iritsi dira atsedenaldira Tecnifuellekoak. Bigarren zatian ahalegindu dira markagailuko aldea handitzen eta lortu dute, baina ez dira behar zituzten hamar goleko alderra iritsi. Zazpi goleko aldeaz irabazi dute elgoibartarrek, 23-30. Lehen hiru sailkatuek Espainiako Txapelketako fasea jokatuko dute.
• Jubenil mutilek ezin partidarik irabazi Zarauzko Lauko Finalean
Beristain Banaketak mutilen taldeak ezin izan du partidarik irabazi Zarautzen jokatu duten jubenil mutilen Euskadiko Txapelketako Lauko finalean. Urdulizen aurka galdu zuten lehen partidan (26-33), Tekniker Eibarren aurka bigarrengoan (24-31), eta partidarik onena edo lehiatuena bai behintzat, Lauko Finala irabazi duen etxeko taldearen aurka jokatu dute gaur. Gol bateko aldeaz (24-23) irabazi dio Zarautzek Sanloko jubenilen taldeari.