Txapelketa honetan, Espainiako Lehenengo Mailan parte hartzen ari diren hiru euskal taldeekin batera, Real Sociedad, Athletic de Bilbao eta Oiartzunekin batera, alegia, beste hiru taldek parte hartuko dute: Aurrera de Vitoria, Mulier (Mutiloa-Nafarroa) eta Genets (Angelu).
Donostian aurkeztu zuten atzo (martxoak 30) VII. Euskal Herriko Emakumezkoen Futbol Kopa, eta finala Elgoibarren jokatuko dutela-eta, Elgoibarko alkate Ane Beitiak ere parte hartu zuen ekitaldian.
Kopa Txapelketako final laurdenetako lehen kanporaketan Mulier eta Oiartzun taldeek jokatuko dute elkarren aurka Mutiloan, apirilaren 8an. Final-laurdenetako bigarren kanporaketan, berriz, Aurrera de Vitoria eta Genets taldeek neurtuko dituzte indarrak, Agurainen, apirilaren 9an.
Lehen kanporaketako irabazleak Athletic de Bilbao taldearen aurka jokatuko du finalerdietako partida. Bigarren kanporaketako irabazleak Reala izango du zain finalerdietako kanporaketan. Finalerdiak non jokatuko diren oraindik zehaztu gabe dago.
Finala, aurrez esan moduan, Mintxetan jokatuko da abuztuaren 27an.
• Athletic jaun eta jabe
Euskal Herriko Kopa Euskal Herriko emakumezkoen futbolaren txapelketa gorena da. 2011. urtean antolatu zuten estreinakoz, eta orain arte jokatu diren sei ekitaldietan Athletic izan da jaun eta jabe. Bilbotarrek bost bider irabazi dute Kopa, azken laurak jarraian, final guztietan Reala mendean hartuta. Hain zuzen ere, Realak irabazi zuen Athleticek garaipena eskuratu ez zuen Kopako final bakarra, 2012an. 2-0 irabazi zuten txuri urdinek Athleticen aurkako finala. 2016ko Kopa txapelketa Athleticek irabazi zion Realari, 3-0eko emaitzarekin.
Euskal Herria Kirolak erakundeak antolatzen du Euskal Herriko Emakumezkoen Kopa Txapelketa