Elgoibarko Tecnifuelle nesken taldeak zaleen aurrean izango du jokoan Euskadiko txapeldun izateko aukera, eta baita Espainiako Txapelketara sailkatzekoa ere. Helburu berberak izango ditu Zarautzko finalean parte hartuko duen Elgoibarko Beristain Banaketak mutilen taldeak.
Jubenil nesken Euskadiko Txapelketako Lauko Finala jokatuko dute asteburu honetan Elgoibarren, Olaizaga kiroldegian. Sanlo Eskubaloi Kirol Taldeko Tecnifuellek zaleen aurrean jokatuko du Aiala Zarautz, Zuazo eta San Adrian taldeen aurka. Lehen partida barixakuan (martxoak 31) jokatuko dute elgoibartarrek, 19:30ean, Zarautzko Aiala taldearen aurka. Zapatuan San Adrian taldearekin neurtuko dituzte indarrak, 17:45ean. Domekan, azkenik, Zuazoren aurka jokatuko dute, 13:00etan.
Jubenil mutilen Euskadiko Txapelketako Lauko Finalean, berriz, Zarautz ZKE, Eibar eta Urduliz taldeen aurka jokatu beharko du Elgoibarko Beristain Banaketak taldeak. Zarautzeko Aritzbatalde kiroldegian jokatuko dituzte partidak. (ikus hemen partiden ordutegia)