Concepto Egilek meritu handiko berdinketa lortu zuen bigarren sailkatuaren aurka

Barren.eus 2017ko mar. 30a, 13:03

Sailkapeneko bigarren taldearen aurka jokatu zuen Debabarrena Concepto Egile areto futbol taldeak joan den domekan, IMH kiroldegian, eta launako berdinketa eskuratu zuen.

Nazional B mailako bi talde onenen aurka neurtu ditu indarrak Concepto Egilek azken bi jardunaldietan. Liderraren etxean jokatu zuten lehenik, Zaragozan, eta 7-2 galdu zuten Colo-Colo taldearen aurkako partida. Conceptoko jokalariek ez zuten euren maila eman eta kolorerik eta lehiarik gabeko partida izan zela azaldu dute taldeko arduradunek. “Talde lehiakorra da gurea eta porrotetan ere gauzak zail jartzen dizkiegu aurkariei. Hala izan da denboraldi osoan, liderraren aurkako partidan izan ezik”. Zaragozako partidaren ostean, indarrak berreskuratzeko astebeteko atsedena izan zuen Conceptok, eta joan den domekan, ligako bigarren postuan dagoen Pinseque taldearen bisita jaso zuten IMH kiroldegian. Lehengo bidera itzuli eta talde lehiakorra direla erakutsi zuten etxekoek. Azken minutuetan partida iraulita lortu zuten launako berdinketa, 2-4 galtzen ari baitziren. Conceptok partida irabazteko aukera bat izan zuen azken segundoetan, baina aragoiarrek ere izan zuten garaipena eskuratzeko abagune argia.

24 jardunaldi jokatu ostean, sailkapeneko 6. postuan dago Debabarrena Concepto Egile, 34 punturekin. Bederatzi partida irabazi, zazpi berdindu eta zortzi galdu dituzte. (ikus sailkapena). Hurrengo jardunaldian, asteburu honetan, Tafallan jokatuko dute Debabarrenakoek, Tafatrans Vulcanizados Ruiz taldearen aurka.