Ohiko legean lau eguneko proba izan da aurtengo Pierra Menta, eta bikoteka jokatu da. Lau egunetan 10.000 metroko desnibel positiboan egin dute eskiatzen, 2.500 metro inguru, gutxi gorabehera. Gizonezkoetan Mateo Eidallin eta Damiano Lenzi Italiako bikotea gailendu da. Emakumezkoetan, berriz, Laetitia Roux frantziarrak eta Emilie Fosberg suediarrak osatutako bikoa (ikus probaren laburpena ETBko Zu Kirolari saioan). Euskal Herritik joandako zenbait bikote izan dira, tartean Elgoibartik joandako Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek osatutakoa. Iruretak 2010ean egin zuen bere estreinako Perra Menta, Iker Leonardorekin bikoa osatuz. 2014an, berriz, Javi Dominguezekin egin zuen. 100. postuan sailkatu ziren orduan. Postu hori hobetzea zuten aurten buruan eta orain hiru urte baino hobeto prestatuta joan zirela uste zuten arren, 112. postua lortu dute. Hona hemen Arkaitz Iruretari probaren inguruan eginiko elkarrizketa:
-Zerk egiten du berezia Pierra Menta lasterketa? Zerk ezberdintzen du gainerako mendi lasterketetatik?
Lasterketari dagokionez, lau etapa luze eta oso teknikoak izaten dira. Izen-emateak mugatuak dira, eta beraz, parte hartzaile guztiak maila oso onekoak. Nahaste txiki bat nahikoa da postu asko galtzeko. Euskal eskiatzaileak igoeretan eta mendi ertzak gainditzen moldatzen gara ondo normalean. Beste kontu bat dira jaitsierak. Oso zailak jartzen dituzte. Aurten, pinudi estuetan barrena ibili gara harriak tartean direla, eta bainera erraldoiak eta erreka ertzak ere zeharkatu behar izan ditugu. Hain dira zailak materiala apurtzea ere normala izaten dela. Jaitsiera horietan bistaratzen da zein den eskiatzailea umetatik eta zein den berandu hasitakoa edo asteburuetan bakarrik eskiatzen duena.
Hori bai, lasterkarien artean giro berezi bat sortzen da, lau egunek irteera eta helmuga leku berean dute, eta hortaz, lau egunetan hotel batean egoten gara parte hartzaile guztiak. Guretzako eskiatzaile profesionala izatetik gertuen dagoen bizipena da, mendi eskiko friki guztiak batera egoten gera lau egunez, gazteleraz esaten dan 'por y para' izaten da.
Goizeko bostetan gosaldu, zazpietan lasterketa, 13:00ak ingururako bukatzen da lehia eta bazkaltzeko unea izaten da. Bazkalostean siesta egiten dugu, masajea hartu, meriendatu, eskiei argizaria jarri... eta afaltzera. Afalostean, berriz, eskiak prestatu, infusio bat hartu, hurrengo eguneko motxila prestatu eta goiz lotara. Lo hartu artean ere gurearekin jarraitzen dugu: sailkapenak aztertu, hurrengo etapako aurreikuspenak egin, non erasoa jo, kar kar kar (barrez).
Gutxi gorabehera horrelakoa da Pierra Mentako egun bat. Javik (Dominguez) esaten duen moduan, ume izatera bueltatzen gara, goizean esnatu eta lagunekin jolasten lagatzen dizute, gero jan eta siesta, jaiki eta berriz jolastu, eta berriz lotara. Horrelakoak dira lau egunak Pierran.
Alabaina, nekea pilatzen joaten da egunez egun. Gorputzari izugarrizko astindua ematen diogu. Egunean lau orduz bakarrik eskiatzen dugun arren, erritmoa bizia da oso. Hala, azken egunean sentsazio kontrajarriak nabaritzen nituen: aurreko egunetako egurrak hartzeari laga nahi nion batetik, baina, era berean, ez nuen nahi guretzako ametsetakoa den mundu horretatik irten nahi.
-Lau eguneko bizipenetatik, zein nabarmenduko zenuke?
Eguneko etapen inguruan Javirekin izandako berbaldiekin eta gure arteko umore ona nabarmenduko nituzke. Javik horretarako abilezia berezia dauka, beti ikusten die alde ona arazoei, eta bere buruari barre egiteko ohitura osasuntsua dauka gainera. Inguruko guztiak kutsatzen gaitu bizitzaren aurrean duen jarrera horrek.
Etapa bakoitzean gauza asko pasatzen dira. Helmuga zeharkatu ondoren, bazkalorduan edo siestarako unean irteten dira gero anekdota horiek. Lasterketan ez dugu lasterketaz kanpoko ezer komentatzen. Lau orduz lasterketan guztiz sartuta eta kontzentratuta joaten gara, bikotearekin jana eta edana, indarrak eta animoak partekatuz. Materialekin izan ditzakegun arazoak eta horrelako gauzak bakarrik komentatzen ditugu, eta sarritan aipatu ere ez, dagoeneko elkar oso ondo ezagutzen baitugu, eta begiradarekin bakarrik elkar ulertzeko gai gara.
-Nolakoa da Pierra Mentako giroa?
Giroa demasa da, baina tentsioa ere demasa izaten da, batez ere lehenengo egunetan. Hor gauden guztiok eskiko lasterketetan eskarmentu handia daukagu. Adibidez, irteeran izugarrizko ataskoak sortzen dira, eta "nobatoren" bat kanpotik aurreratzen hasten bada, ilaran zain gaudenok ez diogu sartzen lagatzen. Batzuk eskia sartzen saiatzen dira, eta hor bultzakadak eta tentsio uneak bizitzen dira, beraz, tentsio hori saihesteko igoeran zati handi bat kanpotik bidea zabaltzen egin biharko du, edo norbaitek bidean sartzeko lekua uzteko zain egon bestela, eta horrelakoetan askotan postuak galdu ere egiten dira.
Bikoteka danez, bikotea baino atzeratuago bazaude, haren pareraino iristeko trikimailu bat da hark bere aurrean sartzen lagatzea. Esperientzia gradu bat da, atzetik datozenen kexak entzun behar izaten diren arren. Errespetuz jokatuz gero, oso giro ona egoten da. Guk ez daukagu ezer jokoan, gure oporraldia gustatzen zaiguna egiten pasatzeko zortea da han egotea, eta gozatzera joaten gara; irrintziak, animoak, zaratak ateratzen joatea da guretzako normalena. Mendian gora egin ahala Mont Blanc mendiaren ikuspegia agertzen denean, esaterako, denok esaten dugu 'uauuu', txundituta. Egunero parte hartzaile berdinekin zabiltza lehian, eta azkenerako erlazioa sortzen da eta elkar animatzen joaten gera.
Ikusleena ere demasa da. Egunero jende mordoa egoten da proba ikusten. Euskaldunak ere urtero egoten dira animoak ematen, eta aurten ere makina bat izan dira, batez ere Oñati eta Ondarroakoak. Asko eskertzen da lagunen animoa! Katalanak ere makina bat izaten dira, eta erlazio berezia egoten da horiekin ere.
Bereziena, baina, larunbateko etapa izaten da, goizaldeko 04:00etan zabaltzen dituzte teleaulkiak, doan, lasterketa ikustera igo nahi dutenentzat. 3.000 eta 4.000 ikusle artean izaten omen dira. Geu ere halaxe joan ginen estreinakoz, ikusle gisa. Frantziako Tourrean txirrindulariekin egiten duten moduan, eskiatzaileok ere jende artetik pasatzen gara puntu batzuetan, zintzarri zarata eta oihu artean pasatzen gera pasillo horietatik, hiruzpalau aldiz. Momentu hunkigarria da, eztarrian korapiloa eginda joaten zara, eta emozioak sortutako malkoren batek ere egin zidan ihes. Pierrako une magikoa da. Pierra Menta bat probatu ostean, zainetan sartzen zaizu eta berriz probatu nahi izaten da. Egia esan ez dakit zergatik, baina lasterketa bereziena da, zalantzarik gabe.
-Gustura gelditu zineten egindako postuarekin eta denborarekin?
Nik uste lasterketa luzeetarako ondo prestatuta geundela. Aurreko urtetan, igoeretan, niri tiraka ibiltzen zen Javi. Aurten bere mailan ez egon arren, bion arteko aldea ez da horren handia izan. Jaitsieretan, aldiz, Javi oso gutxi eskiatuta zetorren, aurten neguan ere munduko kopako korrikako lasterketak egiten ibili baita. Hori jakinda, bagenekien jaitsierak zenbat eta zailagoak izan gaizkiago moldatuko ginela. Altitoy lasterketan eduki genituen baldintzekin, jaitsiera errazak eta bizkorrak, lasterketa txukun bat egiteko moduan izango ginela pentsatzen genuen, baina jaitsiera konplikatuekin egin genuen topo Pierran. Igoeretan indartsu ibili arren, jaitsieretan postu asko galtzen genituen. Hala, aurrerago ibiltzea espero genuen arren, ez genuen 2014an lortu genuen 100. postura gerturatzerik ere lortu, eta 112. postuan sailkatu ginen. Edonola ere, postuak postu, lasterketa duina egin dugun sentsazioarekin bueltatu gara.
Arkaitz Iruretak bere blogean idatzi ditu lau etapenako kronikak: http://pirukeriak.blogspot.com.es/