Oñatiarra zen Iker Jausoro eta Aloña Mendi futbol taldeko jokalaria izan zen gaztetan. C.D Elgoibarrekin ere harreman handia zuen, Futbol Eskolako entrenatzaileetariko bat baitzen. Bi taldeek, hortaz, omenaldia eskaini zioten zapatuan Mintxetan, Haundiren eta Aloña Mendiren arteko partidaren atarian. Iker Jausororen alargun Olatz Arriolak eta semeek eta haren guraso eta anaiak hartu zuten parte ekitaldian. Lore sortak, kamisetak eta beste zenbait oroigarri eman zizkieten bi taldeetako ordezkariek.
• Banako berdinketa
Haundik eta Aloña Mendik Ohorezko Erregional Mailako 26. jardunaldiari dagokion partida jokatu zuten. Lehen minutuetan elgoibartarren aldeko penaltia adierazi zuen arbitroak, Aloñako jokalari guztiek areatik kanpora izan zela protesta egin zuten arren. Penalti jaurtiketa sare barruan sartu eta markagailuan aurrea hartu zuen Haundik. Oñatiarrek, baina, partida berdintzea lortu zuten eta banako berdinketarekin amaitu zen bi taldeentzat garrantzitsua zen partida. Izan ere, bata zein bestea dabiltza beheko postuetatik ihes egiteko borrokan sartuta. Txantxikuentzat, baina, hil ala biziko partida zen, azken aurreko postuan sailkatuta daudelako, jaitsiera postuetan hortaz. Hiru taldek galduko dute maila, eta baliteke laugarren bat ere jaistea. Haundiren egoera zerbait hobea den arren, ez daude arriskutik salbu. Zortzi jardunaldiren faltan, 13. postuan daude, 29 punturekin (Aloñak 22 ditu). Hurrengo jardunaldian jaitsiera postuetan dagoen beste talde baten aurka jokatuko du Haundik Lasarte Orian: Ostadar S.K.T. Hori ere partida erabakigarria izango da bi taldeentzat, 16. postuan dago-eta Ostadar, 25 punturekin. (ikus sailkapena)