Duela hiru aste hasi zen Eibarren gazte-mailako txirrindulari denboraldia. Elgoibarko Lagun Taldea txirrindulari eskolako jubenilak maila onean aritu ziren eta taldekako sailkapena irabaztetik gertu gelditu ziren. Deban jokatu zen denboraldiko bigarren lasterketa, eta hor bai, podiumaren gorenera igo ziren Elgoibarko txirrindulariak. Joan den asteburuan ere talderik erregularrena izatea lortu dute Azpeitian jokatu den jubenilen XXXVI. San Jose Sarian. Azpeitiko Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatutako proban 163 txirrindularik parte hartu zuten, baina 56k bakarrik lortu zuten amaitzea. Ibilbideaz (Azpeitia-Iraeta-Loiola-Iraeta-Loiola-Benta Berri-Etumeta-Iraeta-Azpeitia) gainera, eguraldi euritsu eta haizetsua izan zen zailtasun handiena txirrindularientzat.
Oier Lazkanok (Elproex-Iturribero) irabazi zuen proba, Luken Carbayedak (Bazpi) egin zuen bigarren eta Ciclos Iturriagako Jon Astigarraga ailegatu zen hirugarren postuan helmugara. Elgoibarko taldeko Imanol Alvarez eta Jon Ibarluzea ere aurreneko taldetxoarekin iritsi ziren helmugara, 11. eta 15. postuetan, hurrenez hurren (ikus sailkapen osoa)
• Iban Gonzalez 9. postuan Ereñoko Master Sarian
Txirrindularitzarekin jarraituz, baina afizionatu mailan, V. Ereñoko Master Saria jokatu zuten joan den zapatuan, martxoaren 11n, Bizkaiko errepideetan, Bizkaiko Master Txapelketak jokoan zirela. Eibartrans-Gobike taldeko hainbat txirrindularik hartu zuten parte proban, eta taldekideen artean, Iban Gonzalez elgoibartarrak eskuratu zuen posturik onena. Bederatzigarren postuan iritsi zen helmugara Gonzalez, ihes eginda ailegatu zen taldetxoaren jarraian.
• Elgoibarko Hiria Saria martxoaren 26an
Elgoibarko Hiria Saria txirrindularitza probaren 37. edizioa antolatu du Elgoibarko Lagun Taldeak martxoaren 26rako. Jubenilentzako lasterketa izango da eta Kalegoen Plazatik irtengo dira txirindulariak, 16:00etan. Helmuga, berriz, Santa Klara kalean egongo da. Guztira, 86 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute txirrindulariek.