Antxon Bandres eta Karolo Imirizalduren omenez egiten den mendiko eski lasterketa da Karolo Bandres Memoriala. Joan den asteburuan jokatu zen Izaba eta Belagua inguruetan, Euskal Herrian jokatzen den mendiko eskiko proba bakarra. Aurten, gainera, Euskal Herriko mendi-eskiko bakarkako txapelketa ere bazen (aurreko asteburuan jokatu zen binakakoa Altitoyarekin batera).
Zapatuan jokatu zen zeharkaldian, barixakuan bota zuen elur berriaren gainean irristatu ahal izan zuten 140 parte hartzaileek, eguraldiak gehiegi lagundu ez arren. Antolatzaileek 17 kilometro eta 1.600 metro inguruko desnibel positiboa zuen ibilbidea prestatu zuten, Belaguako aterpetxea zegoen ingurutik hasi eta Lakartxela (1.979 metro) eta Binbaleta (1.857 metro) mendien magaletan. Iñigo Martinez de Albornoz donostiarra izan zen eskiatzailerik azkarrena. Bost segundoko aldea atera zion junior mailako eskiatzaile Pablo Oderizi eta Nacho Cabal eskiatzaile aragoiarra izan zen hirugarren. Iñigo Lariz ta Arkaitz Irureta elgoibartarrak sailkatu ziren laugarren eta bosgarren postuetan, hurrenez hurren. Euskal Herriko txapelketari dagokionez, Oderiz eta Cabal ez direnez sailkapenerako kontuan hartzen, bigarren postua eskuratu zuen Larizek eta hirugarrena Iruretak.
Eñaut Izagirre eta Iñaki Laskurainek ere hartu zuten parte zapatuko proban. 95. postuan sailkatu zen bata, eta 100. postuan bestea.
• Lariz jaun eta jabe erlojuaren aurkako proban
Lakorako aurretontorrean, Kortaplanan, amaitzen zen kronoigoera proba jokatu zuten domekan. 70 eskiatzailek parte hartu zuten eta irteeratik hartu zuen aurrea Iñigo Larizek, gainerakoek jarraitu ezin izan zuten erritmo bizia ezarriz. Tontorrera arteko bidea bakarrik egin ostean, hamazortzi minutu eta bost segundoan osatu zuen igoera. Minutu eta bost segundoko aldea atera zion bigarren egin zuen Javier Tirapuri eta ia bi minutukoa hirugarren egin zuen Mikel Navarrori. Arkaitz Irureta 11. postuan sailkatu zen 21:01-ko denborarekin.
• Konbinatuan lehen eta bigarren
Memorialeko konbinatuan, zapatuko eta domekako emaitzak batuta, Iñigo Larizek eskuratu zuen lehen postua eta Arkaitz Iruretak bigarrena. Elgoibartarrak, hortaz, protagonista izan dira asteburuan Izaban, baina ez eskien gainean bakarrik. Izan ere, Eñaut Izagirrek Incognita Patagonia espedizioari buruzko hitzaldia eskaini zuen zapatean Izaban, eta aretoa bete zuen.
• Pierra Mentara bidean
Arkaitz Iruretak, bestalde, alpeetan jokatzen den mendi eskiko proba ezagunenetarikoa den Pierra Menta lasterketan hartuko du parte, Javi Dominguezekin batera, eguaztenetik zapatura bitartean.
Mintxo Astizen honako bideoan ikus daiteke Larizek gainerako parte hartzaileei atera zien aldea:
∞ Lotura duten albisteak:
- Iñigo Lariz Euskal Herriko mendi eskiko bikotekako txapeldun Altitoy proban (2017-03-02)
- Arkaitz Irureta eta Javi Dominguez nagusi Pyrene Goi Mendi Ibilaldian (2017-02-23)
- Euskal Herriko Mendi Eskiko Binakako Txapelketa irabazi dute Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek (2016-03-30)