Imanol Garaizabal Guarani espedizioa raidean parte hartzen ari da, Paraguain

Barren.eus 2017ko mar. 6a, 13:29

Abentura raiden Munduko Zirkuituko proba hasi da gaur Paraguain, Guarani espedizioa. Martxoaren 12ra bitartean arituko dira lehian lau laguneko 22 talde, tartean Euskat Raid Team-Raidaventura.org Imanol Garaizabal elgoibartarra da taldekideetariko bat. Zuzenean jarraitu daitezke parte hartzaileen ibilerak. 

Hamar probek osatzen dute abentura raiden Munduko Txapelketa (AE World Series), eta horietako bigarrena da Paraguain jokatzen ari diren Guarani espedizioa. Guztira 22 taldek eman dute izena eta Euskal Herrikoak dira horietako bi, Columbia Vidaraid eta Euskat Raid Team-Raidaventura.org. Iaz lortu zuten garaipena errepikatzeko faboritoak dira lehenak eta Imanol Garaizabal elgoibartarraren taldea da bigarrena. Garaizabal eta Aitor Otamendi euskaldunek eta David Tarres eta Monica Aguilera kataluniarrek osatzen dute Euskat taldea. Basque Expedition Race proba irabazi ostean sortu zitzaien Paraguaira joateko aukera, eta euren burua lasterketa “garrantzitsuenetariko” batean probatzeko gogoz eta ilusioz joan dira Hego Amerika aldera. “Ez zaigu falta lasterketa on bat egiteko motibaziorik eta sailkapenean ahal dugun aurreren egotea da gure asmoa. Erronka zaila dela badakigun arren, gogor entrenatu dugu eta ongi prestatuta goaz”, adierazi dute raidaventura.orgweb orrian. Imanol Garaizabal Paraguaira joan ezin izan duen Saul taldekidearen ordez sartu da taldean. Garaizabalek badu eskarmentua nazioarteko probetan. Iaz, esaterako, hirugarren postua eskuratu zuen Kataluniako Aran Bailaran jokatu zen Europako Raid Txapelketan

• 500 kilometro, ia atsedenik gabe

Parte hartzaileek 500 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote, antxitxika, mendi bizikletaz edo kayaketan (150 kilometro). Antolatzaileen aurreikuspenen arabera 80-90 ordu inguru beharko dituzte lehen sailkatuek helmugara ailegatzeko. Mapen bidez orientatzeko trebeziaz gainera, iraupenerako gaitasuna ezinbestekoa da horrelako proba gogorretan. Izan ere, batez beste, 75 minutuko atsedenaldiak hartuko dituzte eguneko, gehienez. Eta, ibilbidearen gogortasunari 35 gradutaraino iritsi daitekeen beroa eta hezetasun altua gehitu behar zaizkio.

• Zuzeneko jarraipena

Gaur hasi dute proba, Euskal Herrian 12:00ak zirenean. Internetez zuzenean jarraitu daiteke taldeen ibilera, nonstoptracking aplikazioari esker, hemen: http://www.expedicionguarani.com/live

Era berean, www.raidaventura.org orrialdean ere jarraipen berezia egingo diete bi euskal taldeei.

2016ko Guarani espedizioko laburpen bideoa: