Mintxetako futbol zelaiko belar artifiziala aldatuko dute

Barren.eus 2017ko mar. 2a, 14:08

Mintxetako futbol zelaiko belar artifiziala aldatuko du Elgoibarko Udalak. Maiatza bukaeran hasi nahi dituzte berdegunea aldatzeko lanak, uztail hasierarako amaituta egon daitezen.

Mintxetako futbol zelaiko belar artifiziala jarri zutenetik 11 urte igaro dira, eta era honetako berdeguneen bizitza erabilgarria, batez beste, 8 edo 9 urtekoa izaten da. “Mantenimendu ona izan duenez, 11 urtera arte ailegatu da Mintxetako belar artifiziala, baina berritzeko beharra du”, azaldu dute Elgoibarko Udaleko arduradunek. C.D. Elgoibar mendeurrena ospatzen ari denez, soropila aldatzeko une egokia dela gaineratu dute. Elgoibarko Udalak 230.000 euro bideratuko ditu lanotarako. 

Iosu Arraiz Hirigintza zinegotziak jakinarazi duenez, futbol denboraldia amaitu bezain laster lanekin hastea da Udalaren asmoa, maiatza amaiera inguruan. “Eguraldiak laguntzen badu pare bat astean egin daitekeen lana dela azaldu digute eta uztailaren hasierarako prest egotea gustatuko litzaiguke”.

C.D Elgoibarrek Realaren aurka jokatuko du Mintxetan, uztailaren 8an, klubaren mendeurrenaren harira antolatutako ekitaldien baitan, eta egun horretarako berdegune berria prest egotea nahi dute udal arduradunek.

mintxeta elgoibar belar artifiziala