Iñigo Lariz Euskal Herriko mendi eskiko bikotekako txapeldun Altitoy proban

Barren.eus 2017ko mar. 2a, 11:27

Pirinioetako Luz-Saint-Sauveurren (Frantzia), Altitoy Ternua lasterketaren barruan jokatu zen aurreko asteburuan Euskal Herriko Mendi Eskiko Binakako Txapelketa. Iñigo Lariz elgoibartarrak Igor Alzelai legazpiarra izan zuen bikotekide eta txapela janztea lortu zuten. Arkaitz Irureta eta Javi Dominguez bederatzigarren postuan sailkatu ziren Altitoyko sailkapen nagusian eta Agurtza eta Itziar Gurrutxaga ahizpa elgoibartarrak gailendu ziren emakumezkoetan, B ibilbidean. 

Elgoibarko eskiatzaileak bikain aritu dira, beste behin ere, X. Open Altitoy Ternua sarian. Aurten Grand Courseko egutegitik kanpo jokatu den arren, maila handiko eskiatzaileak batu ziren Luz-Saint-Sauveurren, Frantziako Pirinioetan. 

Ohi bezala, bi ibilbide izan ditu Altitoyk. A ibilbidea, ia 40 kilometrokoa eta 5.000 metroko desnibel positibokoa, bi egunetako ibilbideak aintzat hartuta. 132 bikotek lortu zuten amaitzea. Lasterketa herrikoiagoa duen B ibilbidean, berriz, guztira 117 bikotek parte hartu zuten. Emakumeetan, Elgoibarko Agurtza eta Itziar Gurrutxaga ahizpak izan ziren azkarrenak, 05:04:23ko denborarekin. (ikus sailkapenak). Elisabet eta Nora Gurrutxaga ahizpek eta Ainhoa Lendinezek ere hartu zuten parte B ibilbidean, azken honek Gasteizko Gorka Gabiñarekin bikotea osatuz.

• Euskal Herriko txapelketa

Altitoy probaren lehen jardunaldian, zapatuan, Euskal Herriko Mendi Eskiko Binakako Txapelketa ere jokoan izan zen eta Iñigo Lariz elgoibartarrak eta Igor Alzelai legazpiarrak osatutako bikotea gailendu zen. Iazko irabazleak, Arkaitz Irureta eta Javi Dominguez sailkatu ziren bigarren postuan, esprintean Mikel Navarrori eta Juanjo Goikoetxeari aurrea hartu ostean. Lehenengo hiru postuetan sailkatu ziren bikoteek borroka “ikusgarria” eduki zutela azaldu du Iruretak. “Lariz eta Igor Alzelai oso eskiatzaile onak dira, eta jaitsieretan tartea ateratzen ziguten. Igoeretan, aldiz, gutxika aldea murrizten genien beste bi bikoteok. Azken igoeratik Lariz eta Alzelairen aurretik pasa baginen ere, jaitsieran aurrea hartu eta ia bi minutuko aldea atera ziguten helmugan. Hortaz, ezin izan genion iaz lortutako txapelari eutsi, baina gustura gaude bigarren postuarekin, eta, gainera, esku onetan laga dugu txapela, Elgoibarren beste urte batez”, azaldu du Arkaitz Iruretak. (Kronika zabala idatzi du Arkaitz Iruretak Pirukeriak bere blogean)

• Elgoibartarrak sailkapen nagusiko aurreneko postuetan

Bigarren jardunaldian ere lehia estua izan zuten eskiatzaile elgoibartarrek eta protagonista izan ziren azken sailkapenetan. Gizonetan Wilfrid Jumere eta Loic Thevine izan ziren garaileak, eta Euskal Herriko hiru bikote sailkatu ziren lehen hamar postuetan. Mikel Navarro gipuzkoarrak eta Juanjo Goikoetxea nafarrak osaturiko bikotea izan zen lehena, sailkapen nagusiko zazpigarren postuan. Horien atzetik, Javi Dominguezek eta Arkaitz Iruretak osatutakoa, bederatzigarren. Eta hamargarren postuan, berriz, Iñigo Lariz eta Igor Alzelai sailkatu ziren. (ikus sailkapenak)

Joseba Elustondo eta Iker Leonardo elgoibartarrek ere hartu zuten parte A Ibilbidean. 

Lotura duten albisteak:

altitoy elgoibar gurrutxagatarrak helmuga mayayo

altitoy elgoibar itziar gurrutxaga

altitoy elgoibar gurrutxaga ahizpak

altitoy elgoibar arkaitz irureta javi dominguez

altitoy elgoibar arkaitz irureta

altitoy elgoibar Ainhoa Gorkakin

altitoy elgoibar gurrutxaga ahozpak v1

altitoy elgoibar orokor2