Arkaitz Irureta eta Javi Dominguez nagusi Pyrene Goi Mendi Ibilaldian

Barren.eus 2017ko ots. 23a, 20:37

Eski lasterketen denboraldia une gorenera iritsiko da asteburuan, Pirinioetako mendiko eski lasterketa alpino eta herrikoiena den Altitoy Ternua proba jokatuko baita. Proba irabazteko faboritoen artean izango dira eskiatzaile elgoibartarrak. Era berean, azken asteetan jokatu diren probetan emaitza bikainak lortu dituzte herriko eskiatzaileek.

Pyrene Goi Mendi Ibilaldiaren bosgarren edizioa jokatu zen aurreko domekan Lintza-Zuriza aterpean. Nafarroako txapelketa ere bazen proba. Mendi eski ibilaldia zen, 1.900 desnibel positibo ingurukoa, eta bikoteka aritu behar zuten parte hartzaileek. Arkaitz Iruretak Javi Domingezekin osatu zuen bikoa eta azkarrenak izan ziren. Bi ordu eta 34 minutuan osatu zuten ibilbidea. Ia zazpi minutuko aldea atera zieten bigarren egin zuten Aitor Otamendiri eta Adur Mendizabali (ikus sailkapenak).

Javi Dominguez ohituta dago bere izena mendi lasterketetako aurreneko postuetan ikustera eta lasterketa bat baino gehiago irabazi ditu, Ehunmilak ultra traila tartean. Aldiz, Arkaitz Iruretarentzat irabazi duen estreinako mendi eskiko lasterketa izan zen, eta poz handia hartu zuen. (irakurri lasterketaren kronika Arkaitz Iruretaren blogean)

Pirinioetako eta Alpeetako eski lasterketa entzutetsuenak diren Altytoy Ternua eta Pierra Menta probetan parte hartzeko asmoa dute Iruretak eta Dominguezek eta horiek prestatzeko egokiak dira Lintzakoa moduko probak.

• Ainhoa Lendinezen garaipena Peyragudesen

Otsailaren hasieran Peyragudes Ski Tour proban parte hartu zuten Arkaitz Iruretak eta Javi Dominguezek, Frantziako Pirinioetan, eta Ainhoa Lendinezek ere hartu zuen parte proba horretan. Lehen jardunaldian kronoigoera jokatu zuten eta Ainhoa Lendinez izan zen azkarrena emakumezkoetan. Bigarren jardunaldian igoerak eta jaitsierak uztartzen zituen ibilbidea osatu zuten eskiatzaileek. Bi jardunaldietako emaitzak batu ostean, Javi Domingezek eskuratu zuen sailkapen nagusiko bigarren postua eta hirugarrengoan sailkatu zen Arkaitz Irureta. (irakurri lasterketaren kronika Arkaitz Iruretaren blogean)

arkaitz iruteta javi domingez elgoibar lintza

arkaitz irureta javi domingez elgoibar eski v1

ainhoa lendinez elgoibar peyregudes