Joan zen asteburuan aurkeztu zituen Elgoibarko Lagun Taldeak denboraldi honetarako osatu dituen taldeak. Benjamin, alebin eta infantil mailetan arituko diren hamar txirrindulari ditu aurten taldeak. Kadetetan bi txirrindulari arituko dira eta bost txirrindulari jubeniletan. Jatorriari dagokionez, elgoibartarrak dira hiru txirrindulari eta eibartarrak gainerakoak, Eibarren ez baitago gaztetxoentzako talderik.
• Lau proba antolatuko dituzte
Elgoibarko Lagun Taldeak lau proba antolatuko ditu aurten. Infantil mailakoak izango dira horietako bi eta jubenilentzakoa bestea. Orain dela bi urtera arte kadeteentzako lasterketa ere antolatzen zuten Elgoibarren, baina aurrekontu arazoak medio antolatzeari laga behar izan zioten. Aurrekoez gainera, denboraldiari amaiera ematen dion Idotorbeko txirrindulari igoera ere antolatzen dute, urriaren 12an.
• Ikastetxeetara bisitak
Ikastetxeetan txirrindularitza ezagutarazteko asmoa ere badute aurten. Hala, txirrindularitza ezagutaraziko dute ikastetxeetan. Bizikleta gainean egin beharreko jolasak eta gynkanak prestatuko dituzte. Elgoibarko Herri Eskolara egingo dute lehen bisita, martxoaren 2an, 17:00etatik 18:00etara.