Alebin nesken taldea hirugarren postuan sailkatu da Gipuzkoako Eskolarteko Atletismo Txapelketan

Barren.eus 2017ko ots. 21a, 18:09

Adarraga Memorialaren 53. edizioa jokatu zuten Hernanin, domekan. Gipuzkoako Eskolarteko Atletismo Txapelketa ere bazen proba eta antxitxikari elgoibartarrek emaitza onak eskuratu zituzten. 

Alebin mailako nesken proban 92 antxitxikarik hartu zuten parte eta June Machain tolosarra izan zen azkarrena. Sei minutu eta 15 segundoko denboran osatu zuen 1.508 metroko ibilbidea. Proba berean hartu zuten parte Mintxeta Atletismo Taldeko hamar kidek, eta Olatz Gallastegik lortu zuen emaitzarik onena. Laugarren postuan sailkatu zen, 06:21eko denbora eginda. Taldeka hirugarren postua lortu zuten elgoibartarrek, tolosarren eta ordiziarren atzetik.

Mutilen proban Anwar Benaissak lortu zuen gure ordezkarien artean emaitzarik onena. 11. postuan sailkatu zen. 

Infantil mailako probetan ere lehen postuetan sailkatu ziren Mintxetako atletak. Nesken artean, Marian Ahyayouchek lortu zuen posturik onena, 17. postuan sailkatuta. Mutiletan, berriz, Zakariare El Falaki eta Jon Iztueta seigarren eta zazpigarren postuetan sailkatu ziren, hurrenez hurren. Infantil mutilek 2.736 metroko ibilbidea osatu behar izan zuten Sagastaldeko atletismo pistan eta neskek 2.122 metroko ibilbidean egin zuten saltaka. 

• Alberto Revueltak 16. postua Sevillako maratoian

Atletismoarekin jarraituz, Sevillako maratoian parte hartu zuen joan den asteburuan Alberto Revuelta elgoibartarrak eta 16. postuan sailkatu zen 2 ordu, 23 minutu eta 40 segunduko denbora eginda. Maratoi erdia ordubete, hamar minutu eta bost segundoan osatu zuen Donostian bizi den antxitxikari elgoibartarrak. Erikus Titus keniarrak irabazi zuen proba, errekor berria ezarriz: 02:07:43. Lehen hamar sailkatuetatik bederatzi afrikarrak izan ziren.