Futbolari elgoibartarren kromo bildumak arrakasta handia izan du kromoak salgai jarri dituzten lehen egunean

Barren.eus 2017ko ots. 17a, 21:47

Gaur jarri dituzte salgai C.D. Elgoibarren kromo bilduma osatzeko kromoak, eta astebetean guztiak agortuko direla aurreikusten dute klubeko arduradunek. Hasteko, 372 album eskatu zituzten eta sei kromoko 3.900 pakete, euro batean saltzeko.

Demaseko arrakasta izan du C.D. Elgoibarren kromo bildumaren lehen edizioak, lehen egunetik. Gaur arratsaldean jarri dituzte salgai estreinakoz eta ilarak sortu dira kromoak saltzen dituzten gozo-dendetan (Amagoia, Caramel eta Sugar). Nonahi ikus zitezkeen umeak kromo zorroak irrikaz zabaltzen, edo lurrean eserita elkarrekin, erositako lehen kromoak bildumetan itsasten. Bere buruaren argazkia eta izen-abizenak dituen kromoa bilatzea desiratzen zuten gehienek, eta batek baino gehiagok lortu du, beherago ikus ditzakezuen argazkietan egiaztatu daitekeen moduan. "Zu erraza zara. Zure aurpegia duen kromoa birritan irten zait!" esan dio ume batek futbol taldeko zuzendaritzako kide Unai Muguruzari. Izan ere, 2016-2017 denboraldiko talde guztietako jokalari eta teknikoen argazkiez gainera, zuzendaritzako kideak eta zenbait argazki zahar ere baditu albumak. Guztira, ia 400 dira lortu beharreko kromoak.

• Pertsonalizatutako 372 bilduma

Hasteko, 372 album eskatu dituzte, 320 pertsonalizatuak eta beste 52 normalak. Pertsonalizatutako bildumak jokalari edo entrenatzaile baten kromoa du azalean inprimatuta eta gaur banatu dizkiete jokalari gaztetxoenei, Kalegoen plazan jarri duten mahaian. Dendetan salgai jarri dituzten pertsonalizatu gabeko albumak, berriz, agortu egin dira eta beste 50 eskatu behar izan dizkiote bildumak eta kromoak egin dituen Cromogel enpresari. C.D Elgoibarreko presidente Antton Iranzok azaldu duenez, Gabonak aurretik atera zituzten kromoetarako argazkiak, eta jokalariak, gaztetxoenak batez ere, desiratzen zeuden salgai jarriko zituzten eguna ailegatzeko. "Behin eta berriz gogorarazten ziguten kromoena. Ilusio handia zuten", azaldu du. Lehen egunean izan duten arrakasta ikusita, atera dituzten kromo guztiak salduta egon daitezkeela uste dute, eta gehiago eskatu beharko dituzte.

• Umeak eta gusakoak kromo-trukean

Zenbait kromo bildumetan beti egon ohi da lortzeko zaila den kromoren bat, baina C.D. Elgoibarrenean ez dagoela horrelakorik argitu dute. "Badakigu umeek hasitako bilduma asko gurasoek bukatuko dituztela, baina hori ere polita da, seme-alabek falta dituzten kromo asko beste guraso batzuekin elkartrukean lortuko dituztelako, eta horrelako harremanak ere sustatu nahi ditugu. Horixe baita ekimen honen helburuetako bat, barruko harremanak estutzea eta elkartearen irudia herrian zabaltzea".

kromoak cd elgoibar n

 kromoak cd elgoibar pertsonalizatua

kromoak cd elgoibar mahaia

kromoak cd elgoibar basurto

kromoak cd elgoibar portalean

kromoak cd elgoibar ibon

kromoak cd elgoibar danel

kromoak cd elgoibar n2

kromoak cd elgoibar kapanaga

kromoak cd elgoibar gozodendan

 kromoak cd elgoibar erakusten

 kromoak cd elgoibar begira

kromoak cd elgoibar begira2

kromoak cd elgoiba pertso2