Kirolak

barren.eus-logoa

Tokikom

 

 
 

 mugertza krosa elgoibar teferi jebetJoshua Cheptegeik eta Senberi Teferik irabazi dute Juan Mugertza Nazioarteko Krosaren 74. edizioa. Iazko irabazle Aweke Ayalew eta Conseslus Kipruto txapeldun olinpikoa baino azkarragoa izan da Cheptegei gizonezkoetan. Teferik, berriz, Ruth Jebet txapeldun olinpikoa laga du atzean emakumezkoetan.

Antxitxika egiteko giro aparta egin du gaur Mintxetan eta ikusleek ere ez dute eguraldiaren trabarik izan goi mailako atletismo jardunaldia zuzenean jarraitzeko. Mintxetako harmailak jendez bete dira goizak aurrera egin ahala eta igerilekuen inguruan ere jendetza batu da.
Guztira 700 bat atleta aritu dira lehian, hamar lasterketetan banatuta. Ikusmin handiena, baina, senior kategoriako lasterketek sortu dute.

• Teferi nagusi emakumezkoetan
Emakumezkoen lasterketa nagusian Ancuta Bobocel errumaniarra izan da aurreneko protagonista, ziztu bizian irten baita eta metro batzuetako abantailarekin igaro da harmaila gunetik. Ezin izan dio, ordea, abantailari denbora luzez eutsi, lasterketa irabazteko bi faborito nagusiek, Ruth Jebet (Bahrain, 1986) eta Senberi Teferi (Etiopia, 1995) afrikarrek, ez baitzuten ezustekorik nahi. Bobocel harrapatu eta atzean laga dute. Donostian bizi den jatorri etiopiarreko Trihas Gebrek ere hartu dio aurrea Boboceli. Aurrean, Jebet eta Teferiren arteko lehiak estuagoa izango zela zirudien arren, Teferi gehiago izan da gaur. Jebet saiatu da Teferi atzean lagatzen baina alferrikakoak izan dira bere ahaleginak. Aitzitik,Teferi dexenteko abantailarekin ailegatu da helmugara eta garaipena ospatu eta gozatzeko aukera izan du. 11 segunduko aldea atera dio Jebeti. Joan den urtarrilaren 15ean Sevillan jokatu zen Italicako kroseko emaitza bera errepikatu dute gaur Elgoibarren.
 Teferi Senberi Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan bosgarren postuan sailkatu zen Teferi 5.000 metroko lasterketan, eta distantzia horretan bertan, Munduko txapeldunorde izatea lortu zuen 2015ean. Mugertza krosean 7.621 metroko ibilbidea osatu dute senior emakumeek. Gaur bigarren sailkatu den Ruth Jebetek 3.000 metroko oztopo lasterketa irabazi zuen joan zen udan, Brasilen jokatutako Olinpiar Jokoetan. Trihas Gebre sailkatu da hirugarren postuan, eta bera izan da lehen euskal herritarra. Gebrek zeukan indar guztiak laga ditu Mintxetako zirkuituan eta helmuga marra gurutzatu bezain laster lurrean etzan behar izan du, zutik egoteko indarrik gabe geratu baita. Gebrek bi aldiz irabazi du Espainiako Kros Txapelketa, baina gaurko hirugarren postuari balio handiagoa eman dio, bere bizitzako egunik zoriontsuena dela adierazi baitu proba amaieran.
• Cheptegei indartsuena gizonezkoetan
Gizonezkoetan Aweke Ayalew, Conseslus Kipruto eta Joshua Cheptegei ziren faborito nagusiak, eta azken orduan batu zaie Teklemarian Medhin eritrearra. 2015ko Mugertza kroseko irabazlea izan da Mugertzakoek eginiko azken fitxaketa. Parte hartzeari uko egin behar izan dion Adel Mechaal ordezkatzera etorri da Medhin. Afrikarrek lasai hartu dituzte lasterketako lehen kilometroak, baina gutxika lasterketa burura hurbilduz joan dira. Lau faboritoen artean segituan ikusi da zein izan diren indartsuenak gaur: Joshua Cheptegei ugandarra eta Awewke Ayalew bahraindarra. Aldiz, Teklemarian Medhin, eta bereziki Conseslus Kipruto atzean geratzen ari ziren. Ayalewk iazko garaipena errepikatu nahi zuen arren, Cheptegei izan da azkarrena. Ayalewk egin du bigarren eta Kiprutok azken metroetan hartu dio aurrea Medhini.

Joshua Cheptegeik 20 urte besterik ez dituen arren, aurrez ere parte hartu izan du Elgoibarko krosean. Hirugarren egin zuen 2015. urteko Mugertza krosean. Rio de Janeiron seigarren sailkatu zen 10.000 metrotako lasterketan eta Munduko Kros Txapelketa irabaztea da bere helburu nagusia aurten. Batez ere bere herrialdean, Ugandan, jokatuko delako bi urtean behin jokatzen den Munduko kros txapelketa. Kanpalan izango da martxoaren 26an.

mugertza krosa elgoibar joshua cheptegei

Lotura duten albisteak:

 

 

 

 

Elgoibarko Izarra

elgoibarkoizarra-logoa-irudia

Gida komertziala

Gida komertziala 2018

Bideoak

Barren astekaria

ePosta harpidetza