C.D. Elgoibarren mendeurrena abian da

Barren.eus 2017ko urt. 10a, 22:09

Futbol munduko izen ezagunez inguratuta hasi ditu C.D. Elgoibarrek mendeurreneko ekitaldiak. C.D. Elgoibarri lotutako itzal handiko lau jokalarik eta entrenatzaile batek parte hartu dute Herriko Antzokian egin duten mahai inguruan eta Julen Lopetegi izan da gonbidatu berezia.

Ehun urte beteko ditu aurten C.D. Elgoibarrek, eta ospatzeko, egitarau oparoa antolatu dute aurtengo (ikus ekitaldien egitaraua -PDF). Urte osoko ospakizuna izatea nahi dute, baina hasiera gaur eman diote Herriko Antzokian egin duten ekitaldiarekin.
Agintariek hartu dute hitza lehenik: Antton Iranz Club Deportivo Elgoibarko presidenteak, Joseba Ibarburu Realeko ordezkariak, Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidenteak, Denis Itxaso Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Turismo, Gazteria eta Kirola Saileko foru-diputatuak eta Elgoibarko alkate Ane Beitiak.
C.D. Elgoibarri buruzko bideo labur bat eskaini ostean, klubean hasi eta futbolari profesionala izandako Zuhaitz Gurrutxagaren galderak erantzun dituzte gero eszenatoki gainera igo diren C.D. Elgoibarri lotutako itzal handiko lau jokalarik eta entrenatzaile batek: Josetxo Arakistain, Jose Mari Arakistain, Itziar Gurrutxaga, Markel Bergara eta Jagoba Arrasate.

• Joxetxo Arakistaini ezusteko omenaldia

Umorea nagusi izan den solasaldiaren amaieran, Josetxo Arakistaini mahaitik altxatzeko eskatu dio Iñaki Kondek, Mendeurrenaren Batzordeko kideak. Ezustean harrapatu du eskaerak Arakistain eta are harrituago gelditu da ikusleen artean zegoen Julen Lopetegiri oholtza gainera igotzeko eskatu diotenean. Espainiako selekzioko hautatzailea eta atezain profesionala izandakoak aspalditik ezagutzen du Arakistain, "Elgoibarrek sekula eman duen atezainik onena", eta oroigarri bat eman dio C.D. Elgoibarren izenean. Hamazortzi urte zituenetik ezagutzen duela Arakistain azaldu du Lopetegik eta berari esker joan izan ahal zuela Madrilera futbolean jokatzera. "Gure etxera, Asteasura, etorri zen Josetxo 18 urte neuzkanean. Nire ama konbentzitzera etorri zen, Madrilera joaten lagatzeko konbentzitzera. Erabaki hark bizitza aldatzeko aukera eman zidan eta beti eskertuko diot. Urteetan harremana mantendu izan dugu gainera eta errespetu eta maitasun handia diot", adierazi du Lopetegik. Besarkada luze batean bildu dira bi atezain ohiak.

cd elgoibar mendeurrena aurkezpena danak

 cd elgoibar mendeurrena aurkezpena agintariak

cd elgoibar mendeurrena aurkezpen gurrutxaga

cd elgoibar mendeurrena aurkezpena mahaikideak

cd elgoibar mendeurrena aurkezpena ikusleak

 cd elgoibar mendeurrena aurkezpena lopetegi arakistain

cd elgoibar mendeurrena aurkezpena arakistain lopetegi1