Bi orduz azpitik igo zuten Renault 4L autoa Lizarperaino

Barren.eus 2016ko abe. 19a, 18:41

Gidaria barruan zela, baina motorrik piztu gabe igo zuten Renault 4L autoa Lizarpe gaineraino, hamar lagunek, tiraka. Mendaroko Tope Natxiok Giza Proba Taldeak uste zutena baino azkarrago gainditu zuen bere buruari jarritako erronka. Ordubete, 51 minutu eta segundo bateko denbora behar izan zuten bost kilometroko ibilbidea osatzeko. Jendetza batu zen Lizarpen. 

Mendaroko Giza Proba taldeko kideak Moxuanetik hasi ziren Renault 4L auto zaharrari tiraka. Lehen zatian “erraz” moldatu zirela azaldu du Jon Salegi prestatzaileak. Espero zuten moduan, baina, Alkortatik gora dauden malda pikoetan izan zituzten arazorik handienak. “Entrenamenduetan behin egin genuen autoa goraino eramateko saiakera, eta lortu genuen. Euripean egin genuen saiakera hartan Alkortatik gorako zatia izan zen gogorrena. Atzokoan ez zuen euririk egin baina behe-lainoaren eraginez, eta bidetik horrenbeste jende pasatzearen ondorioz, likinduta zegoen errepidea”. Saroberen esanetan, laur labainkor horrek asko gogortu zituen probako baldintzak. Azken hirurehun metrotan %20ko desnibela gainditu behar zuten gainera, eta estuasunak pasa zituzten. Aldaparik gogorrenean zapatilak lurrera ezin eutsiz ibili ziren taldeko zenbait kide eta une batean amore ematekotan ere izan zirela aitortu du Sarubek.

Amaierarako indarrak gorde zituztela izan zen gakoa entrenatzailearen iritziz. “Azkarrago eta horrenbeste geldialdi egin gabe ere egin genezakeen lehen zatia. Zenbait ikusle ere konturatu zen eta horrenbeste atseden hartzeko beharrik ez genuela esan ziguten. Gehiegi estutu izan banitu, baina, eta atsedenaldi horiek hartu ez, azken aldapa gainditzeko indarrak faltako zituzten. Ikusiak ikusita azertatu genuela uste dut”, azaldu du.

• Ikusle asko

Tope Natxiok taldeko kideak txundituta gelditu ziren euren erronkak izandako oihartzunarekin, jendetza batu baitzen bidean eta Lizarpe gainean bereziki. Bazkari eder batekin ospatu zuten erronka gainditu izana. Hamar lagun aritu ziren autoari tiraka, bi emakume eta zortzi gizon: Jurdan Ezenarro, Aitor Villabier, Zigor Mendizabal, Roberto Mangana, Joserra Cabrera, Mikel Hernandez, Andoni “Atxuri”, Borja Rodriguez, Maite Mugartegi eta Ines Laskurain. 

topenatxiok renault4 erronka mendaro 1

topenatxiok renault4 erronka mendaro