Jabier Osorok irabazi du Euskadiko Hiru Txirlo Txapelketa

Barren.eus 2016ko aza. 16a, 16:57

San Migel taldeko Jabier Osoro elgoibartarrak irabazi du Euskadiko 27. Hiru Txirlo Txapelketa.

Euskadiko hiru txirlo bolo txapelketako laugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten joan den zapatuan, azaroaren 12an, Elgetako bolatokian. Markina, Soraluze eta Iruzubietan jokatutako jardunaldietan jotako 14 txirloei esker, San Migel taldeko Jabier Osoro elgoibartarra sailkapen nagusiko lidergoan ailegatu zen azken jardunaldira, eta Elgetako saioan jo zituen lau txirloak batu ostean, hamazortzi txirlo jo ditu guztira, inork baino gehiago. Bittor Ugarteburu sailkatu da bigarren postuan, 16 txirlo jota eta Pedro Gomezek egin du hirugarren, biak Eibarko Asola Berri taldekoak. 

Emakumezkoetan Iruzubieta taldeko Esther Guenaga bizkaitarra izan da onena. Hamabi txirlo jo ditu txapelketan.

• Osoro anaiak bikote onena

Bikotekako lehian ere elgoibartarrak izan dira onenak, Jabier eta Imanol Osoro anaiak, hain zuen ere. 30 txirlo jo dituzte bien artean, bigarren geratu diren Bittor Ugarteburu eta Bittor Astigarragak baino bi txirlo gehiago. Taldeka, berriz, Iruzubieta A taldeak eskuratu du Euskadiko txapelketa, 53 txirlo jota. Bigarren Eibarko Asola Berri (51 txirlo) sailkatu da eta Elgoibarko San Migel taldea hirugarren (45 txirlo).

Jabier Osorok Gipuzkoako hiru txirlo bolo txapelketa ere irabazi du aurten, eta baita joan den urtean ere.