Egoitz Morak beteranoen Munduko judo txapelketan hartuko du parte Miamin

Barren.eus 2016ko aza. 15a, 21:49

Beteranoen mailako Munduko Judo Txapelketan hartuko du parte Egoitz Mora elgoibartarrak Miamin (AEB), datorren zapatuan, azaroaren 19an.

Egoitz Morak beteranoen mailako Munduko Judo txapelketan hartuko du parte Miamin (AEB). Judoka elgoibartarra 100 kiloz azpiko kategorian lehiatuko da, 30-34 urte bitarteko adin tartean (M1 maila). Herrialde askotariko judoken aurka borroka egin beharko du, besteak beste, estatubatuarrak, brasildarrak, errusiarrak edo ukraniarrak. Morak azaldu duenez, hogei bat judoka inguruk eman dute izena bere kategorian. Europako bat edo beste kenduta, gainerakoen aurka sekula ez du borrokatu, baina aurkari izango dituen judokak Interneten "ikertu" ostean, tatamian goi mailako judoken aurka lehiatu beharko duela ikusi du. "Olinpiadetan parte hartu duten judokak ere badaude", ohartarazi du. Horrez gainera, beteranoen mailan lehiatuko den arren, judoan aritzeko adinik onena gertu duten judokak lehiatzen direla M1 mailan nabarmendu du Morak. "Ez da berdina 50 urterekin beteranoentzako Munduko Txapelketa batean parte hartzea edo 30 eta 34 urte bitarteko aurkarien aurka lehiatzea. Oraintsu arte goi mailako konpetizioan aritu diren zenbait judoka izango ditut aurkari. Gaur egun judoan aritzeko adinik onena 32 urte direla diote, oraindik sasoian egoteaz gainera, pilatutako esperientziak asko balio baitu".

Egoitz Mora ez da bakarrik joango Miamira. Usurbilgo Judo Taldeko kidea da elgoibartarra eta beste lau taldekiderekin batera joango da Munduko txapelketara, Espainiako selekzioa ordezkatuz. Horietako hiruk, tartean Morak, beteranoen mailako Espainiako Txapelketa irabazi dute aurten.

Morak aitortu duenez, handik eta hemendik atera du Munduko Txapelketa prestatzeko denbora. Iraila eta urria fisikoa lantzen aritu zen eta azken asteetan txapelketetan parte hartuz saiatu da lehiaketen erritmora egokitzen. Eta ez da batere gaizki moldatu. Bigarren postua eskuratu zuen Iruñean jokatu zen Espainiako Kopako proba batean eta joan den astean Gipuzkoako Txapelketa irabazi zuen Eibarren.

• Borrokaldiak zuzenean

Beteranoen Munduko Txapelketako borrokaldiak http://www.wcvjudo.com/ webgunean eskainiko dituzte zuzenean, streaming bidez.

 egoitz mora judo miamira