CD Elgoibarrek afariak zozketatuko ditu bazkideen eta Haundiko jokalarien artean

Barren.eus 2016ko aza. 9a, 18:47

Klub Deportibo Elgoibarrek Mintxetara Haundiren partidak ikustera joaten diren bazkideak saritzeko ekimena jarri du abian. Hala, bi lagunentzako afariak/bazkariak zozketatuko ditu partidak ikustera joaten diren “bazkide leial” horien artean, Txarriduna jatetxearekin elkarlanean. Era berean, Haundiko jokalariak ere sarituko dituzte.

Haundik etxean jokatuko dituen partidetan, bazkide txartelaren zenbakia eskatuko diete bazkideei Mintxetako sarreran, eta horiek dira gero zozketan parte hartu ahal izango dutenak. Partidaren atsedenaldian zotz egingo dute bi lagunentzako afaria -edo bazkaria- Txarriduna jatetxean.

• Hileko jokalari onenarentzako saria

Era berean, Haundiko jokalariak ere sarituko ditu CD Elgoibarrrek, Hileko Jokalari Onenaren Sariarekin. Sarituek Sigma jatetxeak eskainitako bi lagunentzako afaria eskuratuko dute. Gorka Amutxastegi izan da saria jasotzen aurrenekoa, bera izan baita urriko Haundiko jokalari onenaren saria irabazi duena. Haundiko entrenatzaileak, aurkari izango dituzten taldeetako entrenatzaileek eta zelaiko delegatuak emandako botoekin banatuko dute sari hau.

Garrantzi handiko partida zapatuan

CD Elgoibarko presidente Antton Iranzok jakinarazi duenez, Mintxetara joaten den ikusle kopurua handitu nahi dute, eta asmo horrekin zozketatuko dituzte afariak. “Jendea Mintxetara etor dadila nahi dugu, eta etortzen direnak umeekin etortzea gustatuko litzaiguke, haiengan zaletasuna sustraitzen joan dadin. Zaleek aukera polita dute zapatu honetan, garrantzi handiko partida jokatuko baitu Haundik Mintxetan, Ostadar taldearen aurka, 16:30ean. Aurkari zuzen bat atzean laga eta sailkapenean gora egiteko aukera ona izango da Haundirentzat, ez baitute denboraldi hasiera oso ona izan. Horregatik, zaleen berotasuna eta animoak behar ditugu”, eskatu du Iranzok. Unai Zulaika kirol arduradunak zehaztu duenez, talde oso gaztea du aurten Haundik. “20-21 urte dituzte batez beste eta hori dela eta denbora apur bat behar dute talde moduan hazi eta taldea zutabe sendoen gainean eraikitzeko. Hala ere, gure helburu nagusia Haundi jokalari elgoibartarrez osatzea zen eta lortu dugula uste dut, hamabi baitira elgoibartarrak”.

Gabonetako otarra eta babesleen laguntza

Anton Iranzok gaineratu duenez, Gabonetako otarraren zozketarako txartelak saltzen hasi dira. “Abenduaren hasieran jarriko dugu ikusgai otarra herriko erakusleihoren batean, baina dagoeneko hasi gara errifak saltzen”. Klubaren autofinantzaketaren inguruan orain arte jaso duten erantzunarekin oso gustura daudela azpimarratu du. "Zuzendaritza berria lanean hasi zenetik, jo ditugun ate guztietan hartu gaituzte ondo. Hori dela-eta eskerrak eman nahi dizkiet dendariei, ostalariei, enpresei, instituzioei -Elgoibarko Udal zein Diputazioa-, bazkideei eta baita Realari ere". Babesleekin bi eta lau urte bitarteko publizitate kontratuak adosten ari direla azaldu du eta epe luzerako kontratuak izatearen garrantzia nabarmendu du, lasaitasuna eta eta segurtasuna ematen diolako klubari.

 cd elgoibar afaria zozketatu