Idotorbeko bizikleta igoerako errekorrak ondu dituzte Iker Eskibelek eta Maite Maiorak

Barren.eus 2016ko urr. 12a, 13:43

Iker Eskibelek (Eskoriatza, 1993) Idotorbera bizikletaz igo den estreinako aldian irabazi du Julian San Juanen Oroimenezko 25. San Pedroko igoera. Hamahiru minutu eta 20 segundoan egin du igoera, eta honenbestez, segundo batean ondu du Iñigo Larizek 2002an ezarri zuen marka. Maite Maiorak ere aurreneko parte hartzea zuen eta garaipenaz gainera errekorra ezarri du (17:22).

Jendetza batu da gaur Idotorbe gainean, zikloturistentzako Julian San Juanen Oroimenezko 25. San Pedroko igoera zuzenean jarraitzeko. 53 txirrindularik parte hartu dute (iaz 39 lagun izan ziren) eta Iker Eskibel izan da guztietan azkarrena. Plaza Handitik Idotorbera dauden 3,8 kilometroko ibilbidea hamahiru minutu eta 20 segundoan osatu du, Iñigo Larizek 2002tik zeukan errekorra segundo batean onduz.
Ehiza ala bizikleta
Arabako Infisport-ArabaEus afizionatu mailako txirrindulari taldeko kidea da Iker Eskibel (fitxa eta palmaresa), taldeak hurrengo denboraldian desegin egingo dela iragarri duen arren. Txirrindularitza zalea izateaz gainera, ehiza zale amorratua ere badela adierazi du Eskibelek proba amaieran, eta hori dela eta azken unean erabaki duela Idotorbeko igoeran parte hartzea. "Gaur hasi da ehiza denboraldia eta lagunekin ehizara joateko plana nuen, baina ehizatzeko ezer gutxi zegoela esan didatenean, proban parte hartzea erabaki dut, lagun batek whatsapp bidez esan baitzidan atzo gaur jokatzen zela San Pedroko igoera". Bizikletaz igo duen estreinako aldia izan da gainera. "Inguruko leku guztietatik ibili naiz eta banekien hemen zegoela, baina inoiz etorri barik nengoen. Igoera gogorra iruditu zait, esplosiboa eta esfortzu handia eskatzen duena". Erasoa jo eta azken kilometroa bakarrik egin duela azaldu du.
Iñigo Larizen ikaslea
Denboraldi amaiera izanik, sasoi puntu onenean ez dagoen arren, Eskoriatzako txirrindularia Iñigo Larizek 2002tik zeukan errekorra ontzeko gai izan da. Eskibelek ondo ezagutzen du Lariz, gorputz-hezkuntzako irakasle izan zuen eta elgoibartarra. Azken honek animatuta lasterketa bertikal batean ere hartu zuen parte iaz estreinakoz. "Larizek demaseko egurra eman zidan arren, asko gustatu zitzaidan eta berak egin duen moduan neuk ere mendi lasterketetan hasteko asmoa daukat bizikleta lagatzen dudanean". Hain justu ere, Iñigo Larizek egin du bigarren gaurkoan, 13:53ko denborarekin. Larizek azken metroetan hartu dio aurrea Josu Uriarte markinarrari (13:54). Uriartek hiru bider irabazi du Idotorbeko igoera, 2008an, 2009an eta 2014an. Iban eta Jorge Gonzalez anaiak sailkatu dira, hurrenz hurren, laugarren eta bosgarren postuetan, 13:56ko eta 14:19ko markekin.
• Maite Maioraren garaipena eta errekorra
Emakume gutxik parte hartu izan dute Idotorbeko bizikleta igoeran. Gaur ere parte hartzaile bakarra animatu da, baina ez edozein. Mendi maratoiko Munduko txapelduna den Maite Maiora mendaroarrak bizikleta gainean ere ederto moldatzen dela erakutsi du eta probako errekorra 18 segundotan ondu du, 17:22 denbora eginda.

Lesio batetik osatzen

Maite Maiorak lesio batetik erabat sendatu gabe dagoela ezarri du Idotorbeko igoerako errekorra. Duela sei aste inguru oineko 3. metatarsoa hautsi zuen eta, besteak beste, igerian eta bizikletan ibiliz ari da osatzen. Lesio horren ondorioz, gainera, uko egin behar izan dio urriaren 29an Bragan (Portugal) jokatuko den Munduko Trail Txapelketan parte hartzeari. Ezer egin gabe egotea gogorra egiten zaio ordea Maiorari, eta atzo bertan erabaki zuen Idotorbeko igoeran parte hartzea. Bizikleta ez zaio arrotza. Orain dela urte batzuk Larra Larrau bizikleta proba irabazi zuen, eta horrez gain, mendiko lasterketak prestatzeko entrenamenduetan gogortuta gelditzen diren giharrak askatzeko erabiltzen du bizikleta, entrenamenduen osagarri gisa, alegia. Aurten 3.000 kilometrotik gora egin ditu.

san pedro igoera uriarte

san pedro bizikleta igoera Elgoibar lariz

 san pedro bizikleta igoera Elgoibar lariz atzetik

 idotorbe igoera maite maiora fotoiosu

2016 10 12 san pedro bizikleta igoera Elgoibar iker txapelagaz

san pedro bizikleta igoera Elgoibar maiora kopagaz

 san pedro bizikleta igoera Elgoibar irabazleak

san pedro bizikleta igoera Elgoibar danak

san pedro bizikleta igoera Elgoibar ikerlariz

Azken urteetako irabazleak: