Dabid Garciaren hirugarren garaipena eta Ainhoa Sanzen bigarrena Elgoibarko Gau Krosean

Barren.eus 2016ko ira. 24a, 22:15

Bero sargoriari aurre eginez 121 lagunek egin dute antxitxika Elgoibarko kaleetan gaur iluntzean jokatu den Gau Kros Herrikoiaren 7. edizioan. David Garcia durangarra, gizonezkoetan eta Ainhoa Sanz urretxuarra, emakumezkoetan, izan dira azkarrenak.

Mintxeta Atletismo Taldeak 2010ean antolatu zuen estreinakoz Gau Krosa, Juan Muguerza Nazioarteko Krosa antolatzeko dirua lortzeko. Gaur, hortaz, probaren zazpigarren edizioa jokatu dute. Azken urteetan gertatu den moduan, durangaldeko antxitxikariak izan dira azkarrenak. Dabid Garciak alde handiarekin hasi du azken itzulia, baina atzetik zetorren herrikide eta taldekide Txomin Marañoni itxaron dio eta elkarri eskua emanda gurutzatu dute Kalegoen plazan zegoen helmuga marra, Garciak Marañonen aurretik. Proba honetan lortzen duen hirugarren garaipena eskuratu du honenbestez Garciak, 2012koa eta 2014koa ere berak irabazi zituen-eta. 24 minutu eta  52 segundoan osatu du 7,5 kilometroko ibilbidea. Hirugarren postuan, Aretxabaletako Musthapha Archaooi sailkatu da, irabazlearengandik 11 segundora eta OriokoHossain Kaanache sailkatu da laugarren postuan, 25:10eko denborarekin. Bosgarren postuan sartu da helmugan lehen elgoibartarra, Jon Garate (25:17).

•Ainhoa Sanzen bigarren garaipena

Emakumezkoetan Ainhoa Sanz urretxuarra gailendu da 27 minutu eta 56 segundoko denborarekin. Sanzek 2012ko Gau Krosean ere lortu zuen garaipena. Iurretako June Arbeo sailkatu da bigarren (30:30) eta Leitzako Eguzkiñe Zabaleta sailkatu da hirugarren postuan (31:27). Aurten ere Cristina Villalobos izan da lehen elgoibartarra, 32:05eko denboraekin. Laugarren postuan sailkatu da. Guztira 12 lagunek amaitu dute proba, horietako 15 emakumeak. Elgoibartarrak 65 izan dira.

 gau krosa elgoibar ainhoa sanz