San Bartolome elizatik plazara tirolina ikusgarria izango du Debabarrena Raidak

Barren.eus 2016ko ira. 22a, 16:56

Zapatuan jokatuko da Debabarreneko orientazio raidaren bigarren edizioa, eta antolatzaileek ibilbideari eta proba bereziei buruzko xehetasunen berri eman dute. Proba berezi horietako batean, esaterako, San Bartolome elizan gora eskalatu beharko dute parte hartzaileek, eta gora ailegatutakoan, tirolina bidez, berriro ere Kalegoen plazara jaitsiko dira.

Eskalada eta tirolina uztartuko dituen proba berezia goizean eta arratsaldean jokatuko da, 10:00etatik 12:00etara eta 15:00etatik 17:00etara. Hortaz, ikusleek gertutik jarraitzeko modua edukiko dute.
Hainbat kirol proba uztartzen dituen iraupen luzeko orientazio proba da raida, eta Elgoibarkoa Iparraldeko Raid Abentura Ligarako (LINRA) puntuagarria izango da. Raida 10:00etan hasiko da, Kalegoen plazan, eta 17:00etan bukatuko da. Sari  banaketa ekitaldia eta bazkaria Maalako parkean egingo dituzte.

Iaz, estreinako edizioan, 37 bikotek hartu zuten parte. Partaideek bikoteka aritu beharko dute, eta bikoteak emakumezkoenak, gizonezkoenak edo mistoak izan daitezke. Bikote bakoitzak zazpi ordu izango ditu gehienez proba amaitzeko. Antolakuntzak hainbat kontrol leku jarriko ditu ibilbidean zehar,eta bikoteek kontrolgune horietatik pasatu beharko dute, puntuak eskuratzeko. Ahalik eta puntu gehien lortzea izango da helburua, zazpi ordu horien barruan.

Raidak lau sekzio izango ditu eta lau proba berezi ere egin beharko dituzte parte hartzaileek: eskalada edota rapela, jomugara tiro egitea, norabidean oinarritutako orientazioa eta memorian oinarritutako orientazioa.