Haundik Mintxetan jokatuko du denboraldiko estreinako partida zapatuan

Barren.eus 2016ko ira. 8a, 12:26

Haundik Mondragon taldearen aurka jokatuko du denboraldiko lehen partida, zapatu honetan, eta klubetik Mintxetako harmailak betetzeko deia luzatu diete zaleei. Mintxetara igotzeko arrazoien artean, aurten Haundin 11 jokalari elgoibartar daudela nabarmendu dute.

“Pixkanaka elgoibartarrez bete nahi dugu Haundi, harrobiko jokalariek lehen taldeko ateak irekita dituztela ikus dezaten eta bertaraino ailegatzeko ilusioa bizirik manten dezaten. Era berean, elgoibartarrez beteriko taldea zaleentzat erakargarriagoa izango dela uste dugu”, adierazi du C.D. Elgoibarko presidente Antton Iranzok. Zehaztu duenez, jokalarien kopuruak nabarmen egin du gora aurreko denboralditik hona. Jubeniletik eta bigarren taldetik iritsi dira batzuek Haundira eta beste talde batzuetan jokatzen zuten hiruzpalau jokalari elgoibartar ere ekarri dituzte bueltan etxera.

Zapatu honetan (irailak 10) jokatuko du Haundik denboraldiko estreinako partida Mintxetan, 17:00etan, Mondragon taldearen aurka. Ohorezko Erregional Mailan 18 talde arituko dira lehian, eta Iranzoren arabera, maila galdu zuen Aretxabaleta, Azkoitiko Anaitasuna, Mutriku eta igo berriak diren arren talde polita osatzea lortu duten Debako izango dira elgoibartarren aurkari nagusienetarikoak.
Aurreko denboraldia hasita zela Haundira ailegatu zen Iker Dorronsorok jarraituko du entrenatzaile karguan.