Imanol Garaizabalek hirugarren egin du Europako Raid Txapelketan

Barren.eus 2016ko uzt. 27a, 19:28

Europako Raid Txapelketa jokatu dute uztailaren 20tik 24ra bitartean Kataluniako Aran Bailaran, eta euskal talde bat (EuskalRaid-Aralar kirolak) sailkatu da hirugarren postuan, Suediako eta Txekiako taldeen atzetik. Lau kidek osatu dute taldea eta horietako bat izan da Imanol Garaizabal elgoibartarra.

Imanol Garaizabalek Europako Txapelketara oso ondo prestatuta zihoazela aitortu zuen joan aurretik, eta uste baino indartsuago ibili direla dio orain, txapelketatik bueltan. "Erritmo ona geneukala konturatu ginen eta indartsu hasi genuen proba. Beldur nintzen gero txakalaldiak joko ote zigun, baina eutsi egin genion erritmo altu horri, eta horixe izan zen gakoa, egin genituen akatsak ezkutatzen edo berdintzen baikenituen erritmoarekin, eta baita probaren azken zatian egin genituen probatik probarako trantsizio azkarrekin ere". 500 kilometrotik gorako ibilbidea osatu zuten parte hartzaileek, Vielha eta Lleida artean. Hainbat kirol modalitate nahasten dira raid abenturan: mendi bizikleta, kayak, trekking, arroila jaitsierak, rappelak, ferrata bideak...
Garaizabalek azaldutakoaren arabera, probak eta egunak pasa ahala Aranraid-eko sei talde onenen artean zeudela konturatu ziren eta lehenengo bost sailkatuen barruan sailkatzeko helburua jarri zioten euren buruei. "Lehen eta bigarren sailkatuak, Suediako Thule Adventure Team eta Txekiako Black Hill taldeak, oso indartsuak biak, beste liga batean lehiatzen ari zirela ikusi genuen hasieratik. Hortaz, aurretik geneuzkan Poloniako AR Team Polska eta Kataluniako Snacks Gods Raid Team, iazko talde irabazlea, gainditzean jarri genituen gure indarrak. Andorrako goi mendietan jokatu zen sekzio batean hartu genien aurrea biei eta azkenean 40 minutuko aldea atera genien kataluniarrei".

•Europako hirugarrenak
Euskalraid-Aralar kirolak taldeak hirugarren postuan amaitu zuen Europako Txapelketa, 82 ordu, 32 minutu eta 11 segundoko denbora eginda. Irabazleek, Suediako Thule Adventure Team taldeak 74:20:15eko denboran osatu zuen proba, eta honenbestez, Munduko txapelketa jokatzeko sailkatzea lortu dute. Hirugarren egiteagatik datorren urtean Errusian jokatuko den Europako Txapelketarako izenematea doan izango dute Garaizabalek eta taldekideek: Gaizka Agirre artearrak eta Maitane Garmendia eta Beñat Doyhartzabal ibarrarrek.