Ramon Garcia eta Igon Manzisidor azkarrenak euripean jokatu den Azkarateko Igoeran

Barren.eus 2016ko uzt. 23a, 13:08

Elgoibarko VI. Maala Azkarate Igoera jokatuko dute goizean, Maalako jaien barruan. Eguraldi makurra egin du eta txirrindulari gutxi batu dira irteeran. Ramon Garcia elgoibartarra izan da irabazlea, azken bi edizioetan bigarren egin eta gero. Txirrindularien ostean, 23 lagunek parte hartu dute atletismo proban, eta Igon Manzisidor debarra izan da azkarrena.

Euripean jokatu da aurten Azkarateko Igoera. Txirrindulariak zein saltakariak goitik behera bustita ailegatu dira Azkarate gainera, etenik gabe egin baitu euria bi probak jokatu diren bitartean.
Ohi duten legez, txirrindulariak irten dira lehendabizi, 11:00etan. Parte hartu duten bederatzi txirrindulariek 5,9 kilometroko ibilbidea osatu dute Maalatik Azkarate gainera arte eta Ramon Garcia elgoibartarrak irabazi du proba. Azken bi urteetan bigarren postuarekin konformatu behar izan du Garciak, baina aurten ez dio ihes egin garaipenak. Iker Goikoetxea gaztea joan da lehen postuan igoerako lehen zatian, eta sei bat lagunek osatutako tropelak ere elkarrekin egin du igoeraren lehen erdia. Azken zatian, baina, Ramon Garcia eta Josu Uriartek atzean laga dituzte aurkariak eta elkarrekin ailegatu dira helmugara. Ramon Garcia izan da bietan azkarrena, 15:57ko denborarekin. Bi segundo gehiago behar izan ditu Uriartek. Iker Goikoetxea sailkatu da hirugarren, irabazlearengandik 29 segundora. Bizikletako probaren errekorra (15:05) Aitor Hernandezek ezarri zuen 2012an.

azkarate igoera elgoibar igon manzisidor

•Igon Manzisidor jaun eta jabe antxitxika
Txirrindularien ostean, antxitxikariak irten dira Maalatik, 12:00etan. 23 lagunek hartu dute parte proban, tartean Ingalaterratik etorritako hiru lagunek, David eta James Slaterrekin batera etorri direnak. Guztietan azkarrena izan da Igon Manzisidor, 24:20ko denborarekin. Lau minututik gorako aldea atera dio helmugan Aritz Arribillaga elgoibartarrari (28:26).Ander Gorostegi sailkatu da hirugarren postuan, 28:33ko denborarekin.
Oier Ariznabarreta durangarrak dauzka garaipen gehien Azkarateko Igoeran, lau alditan irabazi baitu. Ander Agirrek ere irabazi zuen, behin, 2012an. Igoerako errekorra (20:40) David Slaterrek ezarri zuen 1981ean.

ARGAZKIAK. Elgoibarko VI. Maala Azkarate probako argazki-bilduma: