CD Elgoibarren Futbol Eskola asteazkenetan izango da datorren denboraldian

Barren.eus 2016ko uzt. 9a, 13:40

C.D. Elgoibarko zuzendaritza berriak jakinarazi duenez, zabalik dago Futbol Eskolan izena emateko epea. Nabarmendu dutenez, domekatik eguaztenera pasa dituzte entrenamendu egunak. Era berean, izena emateko kuota 100 euroan merkatu dute.

CD Elgoibarren Futbol Eskola 2006, 2007 eta 2008an jaiotako neska-mutilei zuzenduta dago. Iaz 60 ume inguruk hartu zuten parte, horietako hiru neskak.

Joan den ekainean sartu zen zuzendaritza berriak zenbait aldaketa egin ditu Futbol Eskolan, eta horien berri eman du Antton Iranzo presidenteak, gurasoek planifikatzeko astia eta aukera izan dezaten. Batetik, 2016-2017 denboraldiko Futbol Eskolako entrenamendu eguna aldatu dute. Domekan izan beharrean eguaztenean izango da entrenamendua, 17:00etatik 18:30era, Mintxetan. Hilean behin, domeka batean, lagunarteko partidak jokatuko dituzte.

Entrenamendurako eguna eta ordua zehaztea ez dela lan erraza izan nabarmendu du Iranzok. “Hamar bat batzar egin behar izan ditugu Ikastola, Herri Eskola, Udal Kirol Patronatua eta Udaleko arduradunekin, egun eta ordu hori adosteko. Egun aldaketa honekin, espero dugu neska-mutil gehiagok emango dutela izena Futbol Eskolan. Harrobia sendotuko genuke horrela, kirol talde honen bihotza, gure ustez”.

100 euro merkeago

Era berean, izenemate kuotaren prezioa jaitsi dute, “ume gehiagok izena eman dezaten”. 230 eurotik 130 eurora beheratu dute kuota. Ordaintzeko erraztasunak ere eskainiko dituzte: bi edo hiru alditan ordaintzeko aukera, familia ugariei %30eko deskontua, bigarren seme edo alabak izen emateagatik %50eko deskontua eta %70eko deskontua DSBE, GGL edo GLL laguntzak jasotzen dituzten familientzako.

•Izena emateko

Irailaren 21a izango da izena emateko azken eguna. Uztailean eta irailean CD Elgoibarrek Mintxetan duen bulegoan eman daiteke izena, 18:00etatik 20:00etara. Ordu tarte horretan telefonoz ere eman daiteke izena, 943 741 949 zenbakira deituta. Honako telefono zenbakira deituta ere eman daiteke izena: 675 706 723 (Jon)

cd elgoibar zuzendaritza mintxetan porterian