Markos Beraza nafarrak irabazi zuen Idotorbeko Cross Country txapelketa

Barren.eus 2016ko eka. 29a, 14:36

San Pedro jaien baitan, Euskadiko eta Nafarroako Cross Country Motor Txapelketako proba puntuagarria jokatu zuten domekan Idotorbe eta Saturixo bailaretan barrena. Markos Beraza nafarrak irabazi zuen proba eta sailkapen nagusiko liderra den Josu Artola amezketarra sailkatu zen bigarren postuan. 

Markos Beraza pilotu nafarrak hamahiru itzuli eman zizkion Elgoibarko Urnobitza kirol klubekoek prestatutako zirkuituari, bi ordu, zortzi minutu eta zazpi segundoan. Bigarren sailkatu zen Josu Artolak hamabi itzuli eman zizkion, 2:03:39ko denboran. Joseba Urresti sailkatu zen hirugarren postuan (ikus Elgoibarko sailkapena). Sei probek osatzen dute Euskadiko Cross Country Txapelketa: Nanclares, Aibar, Nanclares, Elgoibar, Fustiñana eta Viana. Idotorben jokatutakoa laugarren proba puntuagarria izan da eta orain arteko lasterketetan lortutako puntuak batu ostean, Josu Artola (Amezketa, 1988) Urnobitzako kirol klubeko gidaria dago sailkapen nagusiko lehen postuan. (Ikus 2016ko Euskadiko Cross Country Motor Txapelketako sailkapen nagusia –PDF-)

•Junior, beterano eta afizionatuak

Afizionatu mailan Ioritz Odiaga gailendu zen Gaizka Bereziartuaren aurretik. Josu Baraibar izan zen azkarrena juniorretan eta Unai Beristain sailkatu zen bigarren postuan. Azkenik, beteranoetan Pedro Luis Gorospe izan zen nagusi. Urnobitzako kideek jakinarazi dutenez, pilotuak gustura gelditu ziren prestatu zieten ibilbidearekin eta Idotorbe inguruko zelaietan “giro ona” izan zela gaineratu dute. Antolakuntza lanetan lagundu dieten Elgoibarko Udala eta Kirol Patronatua eskertu dituzte eta baita Idotorbeko lurjabeak ere, ibilbidea euren lurretatik pasatzeko izan duten prestutasunagatik.

cross country idotorbe elgoibar 1

cross country idotorbe elgoibar podium

cross country idotorbe elgoibar1

cross country idotorbe elgoibar2

cross country idotorbe elgoibar3

cross country idotorbe elgoibar4

cross country idotorbe elgoibar6

cross country idotorbe elgoibar7

cross country idotorbe elgoibar8