Iñigo Larizek Nahaste Borrasteko errekorra ondu eta Martin Dominguez berdindu du garaipenetan

Barren.eus 2016ko eka. 24a, 19:42

Nahaste Borraste proban lortzen duen seigarren garaipena eskuratu du gaur Iñigo Larizek. Hala, Martin Dominguez berdindu du garaipen kopuruan, hark ere sei alditan irabazi baitu Kimetz elkarteak antolatzen duen proba berezia. Eta, gainera, iaz ezarri zuen errekorra 16 segundoan ondu du Larizek (17:34). Emakumezkoetan 11. garaipena eskuratu du Ainhoa Lendinezek.

Euri langarraren ondorioz zorua irristakor zegoela-eta, gaurkoak ez zirudien markak ontzeko egun aproposena, baina usteak erdi ustel. Iñigo Larizek ere aitortu du bidea arriskutsua zegoela eta ez zirela markak ontzeko baldintzarik egokienak, baina bizikletako proban “oso bizkor” irten izana erabakoirra izan dela uste du eginiko denboran. “Albitxuriko aldapa hasterako hiru lagun gindoazen aurrea hartuta, Jorge Gonzalez, Beñat Bollar eta neu”, azaldu du.

Iban Gonzalez izan da plazara iristen lehena, Iñigo Larizekin orpoz-orpo izan bada ere. Horren gertu zetozen bata besteagandik, Lariz lehenago hasi dela antxitxika 25 kiloko zakua bizkarrean hartuta. Beñat Bollar gaztea ailegatu da hirugarren bizikletan, eta etorkizunean zeresan handia eman dezakeen kirolaria dela erakutsi du.

Zakuak bere legea ezarri du eta korrika egin beharreko azken proban postu aldaketa dexente izan dira. Zuen postua galdu ez duena Lariz izan da. Hamazazpi minutu eta 34 segundoan gelditu du kronometroa helmuga marra lehen postuan gurutzatu duenean. Iaz ezarri zuen errekorra 16 segundoan ondu du. Bigarren eta hirugarren posturako lehia estua izan dute Jorge Gonzalezek eta Asier Muruak. Azken metroetan hortzak gogotik estutu behar izan dituzte batak zein besteak eta Gonzalezek egin du bigarren (18:19) eta Muruak hirugarren (18:25). 

•Lendinezen hamaikagarrena

Guztira 44 lagunek hartu dute parte, tartean emakume bakarrak. Ainhoa Lendinezek baina denbora bikaina egin du: 20:54. Nahaste Borrasten lortzen duen 11. garaipena da. 2004an hartu zuen parte estreinakoz, eta harrezgero parte hartu izan duen edizio guztiak irabazi ditu. Hau da, 2006ko eta 2009ko Nahaste Borrasteak izan ezik gainerako guztiak. Gazteenari saria Iker Odriak jaso du (22:51) eta Beteranoenari Saria Dionisio Gorriak (22:31). (ikus Nahaste Borrasteko sailkapena -PDF-)

nahaste borraste elgoibar ainhoa lendinez

nahaste borraste elgoibar irabazleak

Azken urteetako irabazleak: