Eli Ibarra Ligako txapeldun Athleticekin

Barren.eus 2016ko eka. 6a, 15:54

Athleticek emakumezkoen Liga txapelketa irabazi du bosgarrenez, azkenekoa lortu eta bederatzi urtera. Bost txapelketa horietan izan da Eli Ibarra jokalari elgoibartarra. 

Athleticek denboraldia amaitzeko jardunaldi baten faltan eskuratu du bere bosgarren Liga txapelketa, Bartzelonak Atletico Madrilen aurka galdu ostean. Zuri-gorriek Oviedo Modernori 3 eta 0 irabazi zioten zapatuan eta domekan Bartzelonak eta Atletico Madrilek jokatu behar zuten partida jarraitzeko batu ziren Athleticeko jokalariak Lezaman. Kataluniarren ezusteko porrotak, denboraldi osoko estreinakoa izan baita, titulua eman dio Athletici matematikoki (ikus Ligako sailkapena). Athleticek irabazi duen bosgarren Liga txapelketa izan da honakoa, 2003, 2004, 2005 eta 2007 urteetan lorturikoen ostean. 

Athleticek lortu dituen titulu guzti horietan funtsezkoa izan da Eli Ibarrak eginiko lana. Erdilariak 2002ko urrian egin zuen debuta Athleticekin eta harrezkero sekulako palmaresa osatu du. Partida gehien jokatu dituen jokalaria izateaz gainera (349 partida jokatu ditu ligan, 14 denboralditan), 104 golekin lagundu dio taldeari. Aurten Ligako 21 partida jokatu ditu.

Athleticeko jokalariek atzo hasi zituzten ospakizunak (ikus bideoa eitb.eus-en), baina gaurko antolatu dituzte ospakizun ekitaldi ofizialak

eli ibarra athletic txapeldun2