Euskal Ligarako igoera fasea jokatuko du Bankoak, asteburuan Olaizagan

Barren.eus 2015ko urt. 28a, 13:19

Bankoa Elgoibar eskubaloi taldeak Gipuzkoako Txapelketa irabazi du kadete mailan, eta honenbestez, Euskal Ligarako igoera fasea jokatzeko sailkatzea lortu dute. Zaleen aurrean jokatuko dute igoera fasea, datorren asteburuan, Olaizaga kiroldegian. Bidasoa, Urdaibai eta Saieko taldeak izango dituzte aurkari.

Bankoa Elgoibar eta Usurbil taldeek jokatu zuten kadete mailako Gipuzkoako Txapelketako finala. Elgoibartarrek irabazi zuten partida, 38-29ko emaitzarekin, eta hala, Euskal Ligarako igoera fasea jokatzeko sailkatzea lortu dute. Igoera fasea Elgoibarko Olaizaga kiroldegian jokatuko dute, datorren barixakutik domekara bitartean. Lau taldek jokatuko dute elkarren aurka: Bankoa Elgoibarrek, Irungo Bidasoak, Urdaibaik eta Saiekok (beherago daukazue partiden ordutegia). Lehen bi sailkatuek Euskal Ligan jokatzeko txartela eskuratuko dute. Euskadiko zortzi talderik onenek jokatzen dute Euskal Liga.

2015 01 28 bankoasanlotxap

Igoera faseetako emaitzak zehaztu ostean, datorren astean hasiko da Euskal Liga eta bi talderik onenek Espainiako Txapelketa jokatuko dute apiril amaiera aldera. Sanlo klubetik jakinarazi dutenez, badira zortzi urte maila honetan Elgoibarko talde batek ez duela Euskal Ligan jokatzen. Hortaz, Bankoako mutilak animatzera joateko deia egin dute. Igoera lortzen ez duten bi taldeek Gipuzkoako Foru Aldundiko Txapelketa jokatuko dute.

• Sanloko taldeak indartsu

Bankoaz gainera Sanloko beste zenbait talde ere denboraldi ona egiten ari dira, txapelketa gehientsuenak ekuadorrera iritsi diren sasoi honetan. Ikus infantil nesken taldeak esaterako, liga hasiera aparta egin du eta partida guztiak irabazi dituzte lehen itzulian. Euskal Liga jokatzen diharduten jubenil eta kadete mailako neskek ere amaitu duten lehen fasea. Lehen postuan daude kadeteak eta 7. postuan jubenilak. Hala, Euskal ligan jarraituko dute hurrengo denboraldian ere kadeteek eta Aldundiko Garaikurra lortzeko lehian sartuko dira jubenilak. 

Igoera faseko partiden eta Sanloko gainerako taldeen partiden ordutegia:

• Ostirala, 30

18:00 Bidasoa - Urdaibai (Kadete Mutilak)

19:30 Bankoa - Saieko (Kadete Mutilak)

 

• Larunbata, 31

9:30 San Roke - Eibar B (Infantil Neskak)

11:00 Saieko - Bidasoa (Kadete Mutilak)

12:30 Bankoa - Urdaibai (Kadete Mutilak)

16:00 Murgil - Zalla Taberna Pulpo (Infantil Mutilak)

17:45 Lauko - Beti Onak (Senior Neskak)

19:15 Alcorta - Trapagaran (Senior Mutilak)

 

• Igandea, 1

9:15 Urdaibai - Saieko (Kadete Mutilak)

10:45 Bidasoa – Bankoa (Kadete Mutilak)