Salento Gelatik lehen postua eskuratu du Olaizagan jokatu duten promozio fasean

Barren.eus 2024ko urt. 22a, 12:58

Kadete mailako Euskal Ligako bigarren fasean aritzeko txartela eskuratu du Salento Gelati Elgoibar taldeak, asteburuan Olaizaga kiroldegian jokatu duten promozioan.

Joan den urrian hasi zuten kadete nesken Euskal Liga txapelketaren lehen fasea. Hamar talde aritu ziren lehian eta elkarren aurka jokatu ostean, lehen sei sailkatuek zuzenean lortu zuten bigarren faserako txartela. Aldiz, zazpigarren eta zortzigarren sailkatuek, bigarren fasean aritzeko promozioa jokatu dute joan den asteburuan. Salento Gelatik zazpigarren postuan amaitu zuen lehen fasea eta promozio fasean aritu diren zortzi taldeetako bat izan da. Zortzi taldeok Elgoibarren eta Ermuan jokatu dituzte promozio faseak. Euskal Ligako taldeek Gipuzkoa, Bizkai eta Arabako txapelketetako lehen sailkatuak izan dituzte aurkari, bigarren fasera sailkatzeko lehian.

Salento Gelatik merezimendu osoz lortu du bigarren faserako sailkatzea, Sanlok antolatu duen Elgoibarko promozio fasean jokatutako hiru partidetatik bi irabazi eta bat berdindu baititu. Barikuan, Gipuzkoako Txapelketa irabazi berri duen Mek Eibar taldearen aurkako derbiarekin hasi zuten promozio fasea, eta 27-34 gailendu ziren elgoibartarrak. Zapatuan 28-28 berdindu zuten Saieko taldearen aurka jokatutako partida, eta domekan 37-30 irabazi zioten Urdaneta taldeari.
Promozio faseko lehen hiru sailkatuek lortu dute Euskal Ligako bigarren faserako sailkatzea: Salento Gelatik, Urdanetak eta Mek Eibar taldeek.

 • Hamabi talde bigarren fasean
Euskal Liga txapelketaren bigarren zatian hamabi talde arituko dira lehian, bi multzotan banatuta. Multzo bakoitzeko bi talde onenak sailkatuko dira Lauko Finala jokatzeko. Salento Gelati Elgoibar taldearen multzoan honakoak izango dira aurkariak: Kukullaga, Orio, Pulpo, Eibar eta San Adrian.

*Argazkiak: Sanlo EKT.

2024 01 21 sanlo salento gelati promozioa agurra Sanlo EKT

2024 01 21 eskubaloia promozioa euskal liga Sanlo EKT

2024 01 21 sanlo salento gelati promozioa aurkariegaz Sanlo EKT