Leire Egañak irabazi du Espainiako Oilagor Ehiza Txapelketako estreinako titulua

Barren.eus 2024ko urt. 21a, 20:03

Oilagor ehizan Espainiako txapelketa irabazi du Euskadiko Ehiza Federazioa ordezkatu duen Leire Egaña elgoibartarrak. Bera da ehiza modalitate honetako estreinako Espainiako txapelduna.

Espainiako Ehiza Federazioak iaz antolatu zuen estreinakoz emakumeen Espainiako Oilagor Ehiza Xehe Txapelketa, baina inork ez zuen oilagorrik ehizatu Zamoran jokatu zuten lehian, eta antolatzaileek titulurik ez ematea erabaki zuten. Ehiza espezie zaila da oilagorra (Scolopax rusticola), ehiztariek diotenez. Ehiza zaila bezain preziatua. Udazkeneko koloreen adierazgarri da hegazti migratzaile honen lumajea eta kamuflajea ere bai. Horregatik behar dute ehiztariek txakurraren laguntza, ingurunean mugimendurik egin gabe ezkutatzen dakien hegaztia baita.

Atzo, urtarrilaren 20an, jokatu zuten Espainiako txapelketaren bigarren ekitaldia Puebla de la Sierran (Madrid, Espainia) dagoen Sonsaz-eko ehiza barrutian. Hamar ehiztarik hartu zuten parte emakumezkoen txapelketan eta Leire Egañak lortu zuen puntuazirik onena, 1.000 puntu, 'Lur' txakurarren laguntzarekin bi oilagor ehizatuta. 3 urteko setter ingelesa da Lur. Gaztela Mantxako ordezkari Lola Abellanek eta Euskadiko ordezkari Ainhoa Toledek oilagor bana ehizatu zuten, eta gainerako lehiakideek ez zuten ehizarik aurkeztu.

Gizonezkoen txapelketaren 32. edizioa ere jokatu zuten, eta Juan Angel Arana ehiztari nafarrak lortu zuen 46 parte hartzaileen artean puntuaziorik onena, 1.500 puntu, hiru oilagor ehizatuta.

Joxe Mari aitak eta Arkaitz nebak irekitako ehiztari sagari haiek baino beranduxeago heldu zion arren, palmares dotorea osatzen dihardu Leire Egañak. Birritan izan da txapeldunorde Espainiako Ehiza Xehe Txapelketan, 2018an eta 2019an eta sei alditan irabazi ditu ehiza modalitate horretako Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak. Compak sporting eta ehiza ibilaldietan ere Gipuzkoako sei txapel eta euskadiko beste sei titulu ditu. Azken horiek plater tiraketa modalitateak dira, ehizaren simulazioa egiten dutenak bere hegaldiekin. San Huberto ehiza modalitatean ere baditu garaipenak. Bi alditan izan da Gipuzkoako zein Euskadiko txapeldun.
Oilagor txapelketak oraintsu hasi dira antolatzen. Estreinakoz antolatu dituzte Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketak. Euskadikoan inork ez zuen ehizarik lortu, baina hiru ordezkari aukeratu zituzten Espainiako txapelketara joateko, eta Leire Egaa izan zen horietako bat.

2024 01 20 oilagor ehiza espainia txap leire egana aranakin podium 2

2024 01 20 ehiza espainia txapelketa oilagorrak leire egana ta lur

2024 01 20 oilagor ehiza espainia txap leire egana txakurragaz

2024 01 20 oilagor txap espainia emak irterra arg federazioa esp

2024 01 20 oilagor ehiza espainia txap leire egana b1