Miguel Angel Ceberio errenteriarrak irabazi du Mugertza kroseko argazki lehiaketa

Barren.eus 2016ko api. 11a, 14:28

Juan Mugertza Nazioarteko krosari buruzko argazki lehiaketa antolatu du Mintxeta Atletismo taldeak bigarrengoz, eta gaur jakinarazi dituzte irabazleak. 

Mintxeta Atletismo Taldeak jakinarazi duenez, 38 lan aurkeztu dira Mugertza krosari buruzko bigarren argazki lehiaketara eta Errenteriako Miguel Angel Ceberiok aurkeztutako “Campo a traves” izeneko argazkiak eskuratu du lehen saria. Antolatzaileen esanetan, lasterketa egunean izan zen egun argitsuari probetxua atera zioten argazkilari guztiek, baina epaimahaiak txuri-beltzean aurkeztutako argazkia saritzea erabaki du. Epaimahaiak era berean, Jokin Zubiaurre elgoibartarrak aurkeztu zuen “Bizipoza” izeneko argazkia saritu du bigarren sariarekin. 

Herritarren saria, berriz, Haizea Sanchez elgoibartarraren “Ispilua” argazkiak eskuratu du. Lehiaketara aurkeztutako argazki guztiak Tantaka tabernan egon dira ikusgai azken hilabeteetan eta argazki gustukoenari botoa emateko aukera izan dute herritarrek. Haizea Sanchezek pista gaineko putzu batean islatuta ageri diren atletei ateratako argazkia izan da boto gehien eskuratu dituena.

Antolatzaileak pozik daude lasterketaren xarma eta kolorea islatzen duen lan mordoa jaso dituztela-eta. Hala ere, argazkiak ateratzen ibili ziren argazkilari guztiek ez dutela lanik aurkeztu diote. “Badakigu argazkilari asko izan zirela kreditatutakoak, baina guztiek ez dute lanik aurkeztu”. Hori dela-eta hurrengo urterako argazkiak aurkeztera animatu nahi dituzte horiek, “beti baita aberasgarria guztion lana ikustea”. 

2016 04 11 mugertza 2arglehia1∞Lotura duten albisteak: