Abian da Mugertza krosa iragartzeko kartel lehiaketa

Barren.eus 2023ko urr. 4a, 11:10

Mugertza krosaren 80. ekitaldia jokatuko dute 2024ko urtarrilaren 7an, eta zenbaki berezi honetara ailegatu izana ospatzeko kartel lehiaketa jarri dute martxan antolatzaileek, Mintxeta Atletismo Taldeak eta Elgoibarko Udalak.

"Ekitaldi atletiko zirraragarri hau erreferentea da nazioartean, eta aukera ezin hobea da bertako artistek beren talentua erakuts dezaten lehiaketa historiko hau sustatuko duen kartelaren diseinuan", azaldu dute antolatzaileek. Orain arte Mintxeta Atletismo Taldekoek ontzen zuten proba iragartzeko kartela.

Kartel lehiaketan 16 urtetik gorakoek parte har dezakete. Erabili beharreko teknika librea izango da, eta lanak euskarri zurrunean aurkeztuko dira, A3 tamainarekin (297 mm x 420 mm) edo proportzionalarekin. 300 p.p.p-ko bereizmena behar da.
Egile bakoitzak gehienez bi lan original eta argitaragaberekin parte har dezake. Ez dute onartuko antzeko lehiaketetan aurkeztutako obrarik. Diseinu irabazleari 500 euroko saria emango diote. Lanek honako testuak eduki behar dituzte: "LXXX. JUAN MUGUERZA NAZIOARTEKO KROSA" eta "ELGOIBAR 2024/01/07 ".
Lanak 2023ko azaroaren 3ko 13:00ak baino lehen entregatu beharko dira Olaizaga Kiroldegian (San Roke kalea 1). Lanak identifikatu gabe aurkeztu behar dira, atzealdean idatzita egongo den goiburu batekin, eta, horrekin batera, egilearen datu pertsonalak, telefono-zenbakia eta NANaren fotokopia jasoko dituen gutun-azal itxi bat.

Antolatzaileek eskatu dute diseinuetan erabilitako irudiek oreka agertu behar dutela "generoen irudikapenean", rol eta estereotipo tradizionalak indartzea saihestuz eta sexu, arraza, adin, kultura edo sexu-aukeraren desberdintasunen tratamendu gutxiesgarria saihestuz.

 

2023 10 04 mugertza krosa 79 Elgoibar 2022 arg joserra cabrera

∞Lotura duten albisteak: