Iñaki Goenaga eta Lorea Totorika, Lizagasar Erronkako lehen irabazleak

Barren.eus 2023ko urr. 2a, 08:28

Atzo jokatu zuten estreinako Lizagasar Erronka, Casa Astigarraga Trail taldeak antolatuta. Lizagasar Sagartokiko sagastian 8 bat kilometroko ibilbidea osatu behar zuten parte-hartzaileek, 750 metroko desnibel positiboarekin. Sagarrondoen artean gora eta behera egin behar zuten saltaka, 60 sailetan zehar, horietatik 30 aldapan gora eta beste 30 aldapan behera. Bero zegoen, eta korrikalariek gogotik sufritu zuten. 

10:30 puntuan hasi zen lasterketa sagartokiko atarian, eta sagastirantz abiatu ziren korrikalariak. Lehenengo sagastiari kanpoaldetik buelta bat eman behar zioten, eta segidan sartu ziren sagarrondo artean. Iñaki Goenaga gogor hasi zen hasieratik, eta lehenengo metroetan lortutako diferentzia amaierara arte mantendu zuen. Bera izan zen helmugan azkarrena, 53:01 denborarekin. Martin eta Pablo Egizabal anaiak sartu ziren bigarren eta hirugarren postuetan, 57:26 eta 58:37 denborak eginda. Emakuzmekoetan lau lagunek hartu zuten parte, eta Lorea Totorika ermuarra izan zen azkarrena 1:11:38 denborarekin. Alazne Lozano izan zen bigarrena 1:16:51 denbora eginez, eta Pilar Arriola sailkatu zen hirugarren lekuan 1:19:12 denborarekin. 

Irabazleez gain, sari bereziak ere banatu zituzten: Aurpegi onenaren saria Jon Dominguezek jaso zuen; azken sailkatuak ere jaso zuen berea, eta hori Andoni Elorza izan zen. Iñigo Zubiaurrek, bestalde, porra irabazi zuen. 

Lizagasarreko Asier Lizarraldek ere egin zizkien opariak Casa Trail Astigarragako Jose Luis Diez Txeluri eta Denis Saizi, bere ideia garatzen laguntzeagatik. Casa Trail Astigarragakoek ere Lizagasarreko Lizarralde familiari eskerrak eman zizkieten amaieran, horrelako proba originala prestatzeko erraztasun eta laguntzak eman izanagatik. 

Festa giroan joan zen goiza Lizagasarren. Antolatzaileak pozik geratu ziren probak emandakoarekin eta herritarren harrerarekin. Lasterkariak ere gustura zeuden, baina helmugaratzean denek aipatu zuten probaren gogortasuna. Oso proba sikologikoa zela nabarmendu zuten, eszenatokia denbora guztian berdina zelako, eta sailak zenbatuta ikusteak gogortu egiten zuelako egoera, 60. saila noiz iritsiko zain. 

2023 10 01 lizagasar erronka 1 BARREN

2023 10 01 lizagasar erronka 2 BARREN

2023 10 01 lizagasar erronka podium BARREN

∞Lotura duten albisteak: