Urnobitza Kirol Klubeko hogei pilotuk hartuko dute parte Elgoibarko Enduro moto lasterketan

Barren.eus 2016ko api. 6a, 10:56

Urnobitza Kirol Klubak antolatuta, Elgoibarko Enduro moto lasterketa jokatuko da domekan (apirilak 10). Gipuzkoan egiten den modalitate honetako proba bakarra da Elgoibarkoa, eta Euskadi eta Nafarroako txapelketetarako puntuagarria izango da.

Euskal Herriko eta Espainiako 120 motozale inguruk hartu zuten parte iazko Enduroan eta domekan jokatuko den 14. edizioan gehiago izatea espero dute antolatzaileek. Horien artean Urnobitza Kirol Klub-eko hogei pilotu baino gehiago izango dira. 

Mintxetako parkinetik abiatuko dira pilotuak, bertan egongo baita ‘padock’-a, eta 30 kilometro inguruko ibilbidea egin beharko dute.

Lehenengo pilotuak 09:30etan hasiko du ibilbidea, eta guztira hiru bira eman beharko dizkio mendiko bideari, antolatzaileek jarritako kontrol postuetatik pasaz. Erlojuaren aurkako zatia ere izango du probak. Mintxeta kirolgunearen atzeko zelaietan, Karakate mendiaren magalean, egongo da zirkuitua. Lehen pilotuak egin beharreko lana 14:30ak inguruan amaitzea espero dute antolatzaileek.

•Lasterketa ikusteko lekurik onenak

Mendi aldetik egin beharreko ibilbidea Mintxeta atzeko zelaietatik hasiko da, eta jarraian Sallobente goikaldetik Sargoateraino joango da, Urnobitzako tontorretik pasaz eta Munaundiko basoetatik barrena. Urruzuno-Albitxuritik itzuliko dira Mintxetara. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, Urnobitzako igoera eta Munaundiko basoetan egongo dira lekurik ikusgarrienak jarraitzaileentzat, Azkarateko autobideko zubiaren inguruan. Gainera, Urnobitza aldera hurbiltzen diren ikusleek bi proba ikusteko aukera izango dute, egun horretan jokatuko den Kilimon Trailaren ibilbidea eta Enduroarena gertutik pasako baitira zenbait gunetan. 

Urnobitzak, era berean, 2016ko Elgoibarko Enduroa antolatu ahal izateko Elgoibarko Udalaren, Udal Kirol Patronatuaren, babesleen eta lursail jabeen aldetik jaso duten laguntza eskertu du.

2016 03 31 enduro xix kartela