Inauterietako martitzenarekin ailegatuko da mozorro festaren azkena

Barren.eus 2023ko ots. 20a, 14:05

Inauteri eta mozorro zaleek inauterietako martitzena dute oraindik jai giroan murgilduta segitzeko. Ume zein zaharrentzako ekintzak daude egitarauan.

Kantu Kolorek 'Esna zaitez' ikuskizuna taularatuko du martitzenean, Elgoibarko Herriko Antzokian. Gure planeta, gehien bat plastikoz kutsatzen ari da, eta horren inguruan ondu dute saioa, denon artean gurea den Lur planeta salbatzeko. Argiz eta dantzaz betetako ikuskizuna emango dute, familian gozatzeaz gain, jasangarritasunaren alde egingo duena. 17:00etan hasiko da ikuskizuna eta sarrerak www.herrikoantzokia.eus atarian erosi daitezke.

Jubilatuen Biltokian ere ospatuko dituzte inauteriak. Dantzaldia eta mozorro lehiaketa egingo dituzte 17:30etik 20:30era bitartean. Ondoen mozorrotuta daudenak saritzeko bi sari banatuko dituzte.

Joan den zapatuan moduan, Mauxitxa txaranga kalejiran itengo da erraldoi, buruhandi eta zezenzikleten konpartsarekin batera. 18:15ean hasiko da kalejira, Maalako parketik.

2023 02 20 inauteriak mauxitxa BARREN

∞Lotura duten albisteak: