Jai egun handia izan dute Mendaron Kontzezio azokaren bueltan

Barren.eus 2022ko abe. 11a, 12:28

Kontzezio azoka eguna izan zuten atzo Mendaron. Eguraldi hotza, baina sikua izan zuten, eta ez zen aitzakiarik izan ohiko jai-giroaz gozatzeko. Eguerdira artekoan erruz ibili zen jendea kalean, nahiz eta azokako saltzaileek nabarmendu zuten salmenta ez zela izan espero zuten bezain bestekoa. Argazki bilduma barruan.

 Azoka izan ohi da Mendaron Kontzezio egunaren bueltako jai honetako osagai nagusia, eta haren bueltan osatu ohi du Udalak egitaraua. Ohi bezala, frontoian jarri zituzten baserritar eta artisauentzako erakusmahaiak, eta Herriko Enparantza bueltan osatu zuten ganadu erakusketa eta jarri zituzten gainerako postuak. Frontoian, Elgoibar Institutuko ikasleek txistorra eta tortilla pintxoak ere saldu zituzten ikasbidairako dirua ateratzeko eta jokoa ere proposatu zuten: eskutik eskura ibili zuten gazta baten pisua asmatzea, eta Mari Jose Larrañagak irabazi zuen jokoa. Era berean, azokan bost eurotik gorako erosketa egin zuten guztiei txartel bana eman zieten, eta guztien artean produktuz betetako bi otzara zozkatu zituen Udalak. Amaia Mendikutek jaso zuen bata, eta Silvia Gonzalezek bestea.

Herriko Enparantzan karpa altxatu zuten eta barruan egin zituzten sagardo-lehiaketa eta dantza ikuskizuna. Aspaldiko urteetan ez bezala, zuzeneko musika izan dute aurten dantzariek lagun. Ameikutz musika eskolako trikitilariak, txistulariak eta Haizea Urkia gitarra ikasleak jarri zuten musika eta airoso jardun ziren dantzan herriko dantza taldeko haur eta helduak, Amaia Ajuriagoikoa eta Imanol Arantzamendi irakasleen esanetara. Sagardo lehiaketa, berriz, Usurbilgo Urdaira sagardotegikoek irabazi zuten. Sagardo lehiaketarekin batera gaztaren pisua asmatzeko jokoa ere egin zuten karpan, azokan bezalaxe, eta kasu honetan Julen Arrillagak asmatu zuen gaztak zenbat pisatzen zuen.
 
Eguerdirako, berriz, Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak indarkeria matxistaren kontrako talde-argazkiak ateratzeko deia egin zuen. Bi deialdi egin zituzten, emakumeen argazkia ateratzeko bata eta gizonena ateratzeko bestea, eta bi pankarta atera zituzten. "Indarkeria matxistaren kontra antolakuntza feminista!" zioen emakumeek eskutan hartu zutenak, eta "Indarkeria matxistaren kontra ardura kolektiboari eutsi!" gizonek hartu zutenak. 
 
Lagun arteko bazkarien eguna izan zen atzo. Herriko elkarte eta taberna guztiak goraino bete ziren atzo kuadrillen bazkariekin, eta arratsaldean, pilota partidak izan ziren frontoian. 18:00etan hasi zuten jaialdia emakumezko pilotari profesionalek. Naroa Etxekolonea-Oihana Orbegozo bikoteak Iera Agirre- Maite Ruiz de Larramendiren arteko partida jokatu zuten. Ados pilota klubak antolatu zuen partida, emakumezko eskuzko pilotarien lehenbiziko klub profesionalak. Maiatzean sortu zuten kluba emakume pilotariek eta hiru helburu zituztela nabarmendu zuten orduan: txapelketa gehiago jokatzea, lan baldintzak hobetzea, eta, guztiaren gainetik, euren buruaren jabe izatea, inoren menpe egon beharrik gabe. Emakumeen ondotik, gizonek ere jokatu zuten atzo. Pilotari profesional izandako Xala eta Paskual II.ak osatutako bikoteak Arretxe II.a eta Azanza izan zituzten aurkari. Bien bitartean, Herriko Enparantzan, Arno Guraso Elkartekoek lumagorri oilasko-pintxoak saldu zituzten, autofinantziaziorako, eta Zumarraga eta Azkoitiko trikitilari talde bat aritu zen 21:30ak bitartean herriko kale eta taberna-zuloak girotzen. Motz egin zitzaien askori, baina, eta Trikititarrak kuadrillakoek hartu zieten erreleboa. Soinua eta panderoa hartu, eta luzatu zuten haiek parranda.
 
 

20222 12 10 Kontzezio trikitilariak

 2022 10 12 Kontzezio azoka baserritarrak

2022 12 10 Kontzezio azoka ganaduak

2022 12 10 Kontzezio dantza taldekoak

 

2022 12 10 Kontzezio indarkeria matxistaren kontra

 
2022 12 10 Kontzezio indarkeria matxistaren kontra gizonak