Abenduaren 10ean egingo dituzte Mendaron Kontzezio Eguneko azoka eta jaia

Arantza Iriondo 2022ko abe. 5a, 11:07

Abenduaren 8an da Kontzezio Eguna, baina abenduaren 10ean ospatuko dute Mendaron. Egun osoko egitaraua antolatu du Mendaroko Udalak, urterokoa, eta herriko zenbait eragileren laguntza ere izango du horietako ekintza batzuk gauzatzeko.

Bada ilusioa eta gogoa aurten. Herritarrak elkartzeko eguna izan ohi da Kontzezio Egunaren bueltakoa, familia eta lagun otorduetarako eguna, baina iaz, pandemia dela-eta, ez zen ospakizun ofizialik izan, eta igarri zen herri-giroan. Nolanahi ere, eta urtero bezala, azoka izango da egun honetako protagonista nagusia. 10:00etan zabalduko dute, frontoian, eta sasoiko produkturik onenak dastatzeko eta erosteko aukera izango da bertan. Aurten, ez da Mendaroko baserritarrik izango fruta eta barazki azokan. Azken urteotan Atxuri baserrikoak jaitsi izan dira plazara, baina faltako dira aurten. Baserriko jeneroaz gain, artisau postu batzuk ere izango dira azokan, bai eta ganaduen erakusketa ere. Lerro hauek idazteko unean, guztiz itxi gabe zeukan Debemenek ganadu-azokan egotekoak zirenen zerrenda, baina okerrik ezean, bi mendaroar izango zirela aurreratu zuten. Artisauetan, bai, izango dira mendaroarrak. 11:00etan, berriz, dultzaineroak kalejira egingo dute eta sagardo lehiaketari hasiera emango diote. 11. edizioa da aurtengoa. Bestalde, sagardo lehiaketaz gainera, urteroko zozketa ere egingo du Mendaroko Udalak. Txartel bana banatuko diete azokan erosketak egiten dituztenei, zozketarako.

 • Dantza eta zuzeneko musika
Dantzak girotuko du eguerdi aldea. Mendaroko dantza eskolako haur eta helduek dantza erakustaldia egingo dute herriko plazan, eta aspaldiko urteetan ez bezala, zuzeneko musikarekin arituko dira aurten dantza askotan. Horretarako, Ameikutz musika eskolako txistularien eta trikitilarien laguntza izango dute, bai eta Haizea Urkia ikaslearena ere, gitarrarekin.
14:00etan, sagardo lehiaketako sariak banatuko dituzte, eta horrekin amaituko dituzte goiz partekoak. Arratsalderako, 18:00etarako, pilota jaialdia antolatu dute. Elite mailako emakumeak arituko dira lehian lehenik, eta binakako partida jokatuko dute gero, Xala eta Pascualek Arretxe II eta Cabrerizoren aurka. Pilota partiden ostean, Luma Gorri arrazako oilasko errea banatzen jardungo dira plazan Arno Guraso elkartekoak. Batzen duten dirua elkartearentzako izango da. Gauean, erromeriarekin amaituko dira Kontzezeio Egunerako prestatutako ekitaldiak. Iluntzean, erromeria egongo da.