Gazteentzako jaia antolatu dute azaroaren 19rako Elgoibarren

Barren.eus 2022ko urr. 29a, 11:08

'Gaztiok ere BAGAOZ martxan' lelopean, gazteei eskainitako eguna izango da azaroaren 19a Elgoibarren. Bazkaria, Mauxitxa txarangaren kalejira eta erromeria antolatu dituzte, besteak beste.

Herriko gazteentzako egun berezia antolatu du Elgoibarko Udaleko Haur, Nerabe eta Gazteen Sustapeneko Sailak azaroaren 19rako. Kuadrilla Eguna izenarekin antolatu zituen antzerako jaiak 2018an eta 2019an, eta pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean, 'Gaztiok ere BAGAOZ martxan' izenburua jarri diote aurtengo ospakizunari. Azaroaren 19an, zapatua, izango da.

Karakateko Igoera egingo dute egun berean, eta egitarauaren barruan sartu dute antolatzaileek, mendi lasterkariak animatzera joateko deia eginez. Era berean, Elgoibarko Euskaraldia Taldeak antolatu duen jairako gonbitea ere egin diete gaztei. 13:30ean izango da Kalegoen plazan. 'Bagaoz' jaia, baina, 13:00etan hasiko da, Maalan botako duten txupinarekin. Gazte bazkaria egingo dute gero, 15:00etatik aurrera, Sigmako aparkaleku estalian. Bazkarian parte hartzea nahi duten kuadrillek @gaztienegunak instagram kontura idatzi behar dute izena emateko, kuadrillaren izena eta lagun kopurua zehaztuz. 16 urtetik gorakoek eman dezakete izena, eta azaroaren 4a izango da apuntatzeko azken eguna. Bazkalosterako ezusteko bat egongo dela aurreratu dute eta 19:00etatik 21:00etara bitartean Mauxitxa txarangak girotuko du jaia herriko kaleetan barrena. Fan & Go taldeak 22:00etatik aurrera emango duen erromeriarekin bukatuko dute eguna.

2022 11 04 BAGAOZ kartela 1

∞Lotura duten albisteak: